Xabier Zalduak (Zumarraga, 1976) apustua jokatuko du igandean, 12:00etan Azpeitiko zezen-plazan, Arria V.aren aurka. 10 kanaerdiko ebaki eta 10 kilometro egingo dituzte.
Nola doaz azken egun hauek?
Ondo. Duela bi aste arte gogor entrenatu nuen eta nekatuta ibili naiz. Azken bi asteetan deskarga egiten ari naiz eta aste hau oso lasaia izaten ari da.
Nola ikusten duzu zure burua?
Aurreko aldietan baino lasaiago nago. Oso gustura nago. Ez dakit psikologoaren lanaren ondorioa den edo ez, baina lehen urduri eta kezkatuta joaten nintzen apustuetara. Orain lasai nago. Bi test egin ditut, baina apustuko lana sei edo zazpi aldiz egin dut dagoeneko. Horri esker, ez naiz luze egingo zaidan beldur.
Duela hiru urte ere Arriaren aurka apustua jokatu zenuen. Orduko hartan galdu egin zenuen.
Ni baino aizkolariagoa da eta aizkorak niri baino kalte gutxiago egiten dio. Orduko hartan 20 kanaerdiko ebaki genituen eta oraingoan 10 izango dira. Gainera, orduan baino bi kilometro gehiago egingo ditugu korrika: 10. Bera baino arinagoa naiz eta etxean egindakoa plazan egiten badut, irabazteko aukera handia dut.
Duela gutxi lehen mailara igotzea lortu zenuen. Zein izango da zure helburua txapelketan?
Nire nahia lehen mailan urte batzuk ematea da. Txapelketa irailean izango da eta bi azkenak bigarren mailara jaitsiko dira. Zaharrek txapela irabazteko aukerarik ez dutenentzat finala jokatzea gauza handia dela esaten dute. Hori da nire ametsa: egunen batean finala jokatzea. Baina lanak banan-banan egin behar dira. Hasteko, lehen mailako aizkolariekin egoten ikasi behar dut.
Zer esan nahi duzu?
Urrezko Aizkoran Arriaren partez gonbidatu ninduten eta lehen mailako hiru aizkolariren aurka aritu nintzen: Larretxea, Otaegi eta Rekondo. Ezustekoa eman nuen eta bigarren gelditu nintzen. Irabazteko aukera handia izan nuen, baina ez nuen han egoten jakin. Laugarren egitearekin konforme nintzelako lortu nuen bigarren egitea, baina irabazteko ordua heldu zenean ez nuen maila eman.
Beste apusturik ba al duzu?
Hilaren 30ean beste apustu bat jokatuko dut, Joxe Etxeberriaren aurka. Nik 10 kanaerdiko eta 10 kilometro egingo ditut eta berak 10 kanaerdiko eta 8,6 kilometro. Ondoren atsedena hartuko dut. Burua atseden eske ari zait. Azken lau hilabeteetan preso egon naiz eta urtarrilean kanpora joan nahi dut familiaz gozatzera.
Prestatzaile berriarekin hasi zinenetik, hobera egin duzu.
Iker Lopez prestatzaileak egunero egin beharreko lana zehazten du eta dietistak, lan hori kontuan hartuta, zer jan behar dudan esaten dit. Talde lana da. Poliki-poliki hobeto sentitzen zara eta hori oso lagungarria da. Psikologoarekin hamabostean behin elkartzen naiz.
Zertan aldatu da zure prestaketa?
Lehen astean behin egiten nuen aizkoran proba misto hauetarako. Korrika egiten nuen gehienbat. Iruntxiberri zen nire entrenatzailea eta lehengo erara entrenatzen genuen. Zekiena irakatsi zidan eta eskertzekoa da. Egun ezberdin egiten dira gauzak. Aizkora ia egunero hartzen dut eta astean bitan korrikarekin nahasten dut. Gimnasioa ere egiten dut, baina aizkoran lantzen diren giharrak lantzen ditut bakarrik.
Elikadura ere aldatu duzu.
Lehen kiloak galtzen nituen, batez ere entrenatu aurreko bi orduetan ez nuelako ezer jaten. Giharra galtzen nuen. Egun, aurretik eta ondoren jaten dut.
Zer jaten duzu?
Gosaltzeko, bi arrautzako tortilla bat, erremolatxa, azenario eta sagarrekin egindako batido bat eta bi tostada jaten ditut, marmeladarekin eta txia haziekin. Soja esnea ere hartzen dut, oloarekin. Entrenatu ondoren, proteinak hartzen ditut. Handik ordubetera, gazta freskoa, fruta, intxaur batzuk eta tostada bat jaten ditut, tomate eta ahuakatearekin. Ondoren, bazkaldu egiten dut. Egunean bost otordu eginda, ondo mantentzen naiz. 83 kiloko pisua dut eta duela hiru urte, Arriaren aurka jokatu nuenean, 77 kilo pisatzen nuen.
Apustu zalea zara.
Herri kirolak txikitatik maite ditut. Gustura jarduten naiz. Apustu mundua txapelketak baino gehiago gustatzen zait. Ez dirua jokatzeagatik, beste xarma bat duelako baizik.
Zumarraga eta Urretxun ez da zaletasunik falta.
Elorriagaren semea hor dator. Gogotsu ikusten zaio. Plazak behar ditu, urduritasuna galtzeko. Ea denon artean laguntzen diogun eta aurrera egiten duen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.