Urretxu-Zumarraga Ikastolak 50 urte bete ditu aurten. Mende erdi batek askorako ematen du. Baita maitasun istorioetarako ere. Urte hauetan hamaika bikote sortu dira ikastolan, baina Martin Camino eta Pili Idiakez izan ziren lehenak. Beraiena da ohore hori eta inork ez die kenduko. Aspalditik Donostian bizi dira eta beraien etxeko ateak ireki dizkiote GOIERRIKO HITZAri.
Camino usurbildarra da eta pasiotarra izan zen. Eubako apaizgaitegian irakasle eta zuzendari izan zen, eta ondoren Zumarragara bidali zuten La Salleko kaperau eta irakasle bezala. Apaiz izateko ikasketak egiteko zailtasunak zituen talde bat Eubatik La Sallera bidali zuten ofizio bat ikas zezaten eta horien arduradun ere izan zen.
Ikastola pasiotarren laguntzarekin sortu zen eta lehen zuzendariak pasiotarrak izan ziren. Zumarragara heldu eta urtebetera, ikastolako arduradun izendatu zuten ikastolako batzordeak eta pasiotarren nagusiak. «Bizpahiru andereñorekin hasi ziren eta ez zuten zuzendaritzarik behar izan. Baina ni heldu nintzenerako ikastola hazten hasia zen eta batzordeak zuzendari bat behar zela pentsatu zuen. Kargua eskaini zidaten eta bi urte eman nituen zuzendaritzan».
Gogor lan egitea tokatu zitzaiola oroitzen du. «Andereñoak bilatu, planak eta ikastaroak prestatu, delegazioak ikastola onartzea lortu… Zailtasun handiko urteak izan ziren, batez ere gurasoentzat. Oso ausartak izan ziren, beraien seme-alabak han utzi baitzituzten, ikasketa haiek legezko baliorik ez zutela jakinik. Pasiotarron ekarpena lokalak uztea eta babes legala ematea izan zen. Babes hori gabe, une haietan ezinezkoa izango zen ikastolak sortzea. Elizak bere ikastetxeak sortzeko eskubidea zuen, Estatuak eta Elizak onartua zuten konkordatua zela eta.
Inspektoreak
Bi ikasturte haietan ikastola asko aldatu zela gogoratzen du. «Inspektorea oso biguna zen. Oztopoak jartzen zituen, baina indar handirik gabe. Berak ere ez zuen ondo pasa. Salamancakoa zen, baina bazekien mugimendu horren aurka ezin zuela ezer askorik egin. Bere nagusiek presionatu egiten zuten, ordea.
Nire gainean dagoen bat etorriko balitz eginiko bisitaz galdezka, akta bat utziko dizut bion sinadurarekin, baina badakizu… zuek segi horrela, esaten zidan. Inspektore batzuk ez zuten batere ondo pasa».
Urretxu-Zumarraga Ikastola utzi zuenean, Arrasatekora joan zen. Bertan beste lau urte eman zituen irakasle eta zuzendari bezala, eta ondoren enpresa mundura pasa zen. MCCn lan egin zuen, 2004an erretiroa hartu zuen arte. «Euban eta La Sallen adineko irakasleak ezagutu nituen. Txantxa, iseka eta burla asko pairatzen zuten eta nik ez nuen nire burua adin horrekin haurrei eskolak ematen ikusten. Baina irakasle lana beti gustatu izan zait eta UNEDen ere irakasle izan nintzen. Ostiral eta larunbatetan EGA titulua lortu nahi zutenei klaseak ematen nizkien».
Pili Idiakez 1970-1971 ikasturtean hasi zen Urretxu-Zumarraga Ikastolan (orduan Lourdesko Ama). «Ikastolan hasi aurretik, autoeskola batean lan egin nuen. Ikastolan jendea behar zutela eta oso gustura eman nuen pausoa. Ilusio handiarekin hasi nintzen. Pentsa… 42 urte eman ditut ikastoletan eskolak ematen! Urretxun, Aretxabaletan, Arrasaten eta Errenterian lan egin dut. Urretxun bi ikasturte eman nituen». Beti Haur Hezkuntzan. «Asko gozatu dut. Oso esperientzia aberasgarria izan da».
Biek ikastolak euskararen biziraupen eta zabalkundean funtsezkoak izan direla diote. «Harro sentitzeko modukoa da. Ikastolek sekulako eragina izan dute gizartean. Egun, ikastetxe guztietan euskaraz ikasten dute, baina ikastolak izan ziren aitzindariak. Denborarekin argiago ikusiko dugu oraindik», dio Caminok.
Urretxu-Zumarraga Ikastolak, euskararen alde lan egiteaz gain, beraien elkartze istorioa ahalbidetu zuen. «Gertatzen diren gauzak dira. Ez dakit nola sortu zen. Hantxe ikusi, ezagutu eta elkartu ginen eta hemen jarraitzen dugu, 43 urte ondoren».
Pili ezagutu zuenerako, bizitzaz aldatzeko asmoa zuen. «10 urterekin Gabiriara joan nintzen. Erdaraz ikasi, errezatu, ikasketak egin (oso gustukoak nituen) eta kateari jarraitu nion, behin ere neure buruari galdetu gabe hori ote zen biderik egokiena. Urteen poderioz bat heltzen joaten da eta egun batean zeure buruari galdetzen diozu:
baina zein da ni hemen barruan eusten nauen arrazoia… Bestalde, zenbat eta denbora luzeagoan iraun galdera hori buruan biraka duzula, okerrago. Banekien ez zela erraza izango. Inork ez zidala ezer oparituko. Ni neuk atera beharko nituela babak eltzetik. Hutsetik hasi behar nuela».
Etxekoen babesa
Bere amaren babesa jaso zuen. «Ekainean, ikastolako ikastaroa bukatu bezain laster, etxera jo nuen familiakoekin egotera. Ama gaixo zegoen ordurako, Donostiako Ospitalean. Gau batean berarekin gelditu nintzen nire laguntza emateko. Gau txar eta mingarri asko izaten zituen, baina gau hartan lasai zegoen. Bat batean, galdetu zidan:
Martin, zoriontsu al zara pasiotar bezala? Aurrena, erantzun bezala, isiltasun luzea, oso luzea. Gero astiro, luze, zabal eta lasai agertu nizkion nire asmoak. Denbora luzez egon ginen elkar besarkaturik eta geurera etorri ginenean esan zidan:
Nik ez dizut asko lagunduko, nireak ia egin du eta, baina jakin zurekin izango naizela beti».
Pilirentzat okerragoa izan zen, urte bat gehiago eman baitzuen bakarrik ikastolan. «Baten bati ez zitzaion oso ondo iruditu gure erabakia, baina etxekoen babes osoa izan nuen eta inoiz ez zidaten eragozpenik txikiena ere jarri». Horri esker, zailtasun guztiei aurre egiten jakin dute. Seme bat dute eta sarri etortzen dira Urretxu eta Zumarragara senitartekoak eta pasiotarrak bisitatzera.
Ikastolara itzuliz, mezu bat utzi nahi izan dute. «Hemendik beste 50 urtera hobeto ikusiko da ikastolek gizartean izan duten eragina. Gu pozik gaude euskal mugimendu herrikoi honetan hondar ale bat izan garelako».