Bihar Santa Lutzi feria ospatuko dute Zumarragako eta Urretxuko kaleetan. Egun honek bi herriak eta baserritarrak eta kaletarrak elkartzeko balio du.
Azoka erraldoi hori Ezkion antolatzen zen, 1727an Urretxun egitera pasa ziren arte. XIX. mendearen erdialdean, ordea, Urretxuko aldapatik Zumarragako kaleetara luzatu zen. Zumarraga toki aproposak eskaintzen hasi zen eta ganadu feria herri horretara pasatu zen, eta 1994. urtetik bi herriek lankidetzan antolatzen dute. Feriak bi herriak lotzen ditu eta urretxuar eta zumarragar askorentzat urteko egun handiena da.
Feria atzo eguerdian aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean. Ekitaldia Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak aurkeztu zuten. Biek ala biek festa horrek bi herriak elkartzeko eta kaletarrek baserritarren lanaren berri izateko balio dutela azpimarratu zuten.
Serranok feria bi herriek «elkarrekin» eta «eskua emanda» antolatzen dutela esan zuen. «Elkarlana beharrezkoa zela ulertu genuen». Baserritarren eta kaletarren arteko «elkargunea» dela ere gogoratu zuen. «Bertako produktuak erosteko aukera ematen du. Feria honek ez du parekorik. Santa Lutzi egunekoak ematen die hasiera neguko feriei. Bere atzetik datoz San Tomas egunekoa, Elgoibarkoa…». Urretxuko alkateak bi herrietako udal langileen lana goraipatu zuen. «Kultur teknikariek, brigadakoek eta udaltzainek, batez ere, sekulako lana egiten dute. Lan honen helburua baserritarrak eta kaletarrak harremanetan jartzea da».
Protagonista nagusiak, ganadua, baserrietako produktuak eta artisauen lanak izango dira, baina beste hamaika produktu ere salgai jarriko dira. 451 postu jarriko dituzte: 154 Urretxun eta 297 Zumarragan. Abere, errezil, sagar, fruta, fruitu, barazki, ezti, oilasko eta kapoi sariketak egongo dira.
Ekitaldiak
Horretaz gain, makina bat ekitaldi egongo da. Musikariek bi herrietako kaleetan joko dute eta aizkolariak, harri-jasotzaileak, artzain txakurren erakustaldia eta idi-probak egongo dira.
Gainera, Urretxu eta Zumarragan elkartzen diren guztiek bi lehiaketatan parte hartzeko aukera edukiko dute.
Non dago Wally? lehiaketaren xedea azokan barrena banatutako Wallly eta bere hiru lagunak aurkitzea eta mugikorrarekin argazki bana ateratzea da. Areizaga-Kalebarren plazan karpa bat egongo da, informazioa jasotzeko eta argazkiak aurkezteko.
Argazki rallya ere antolatu dute. 09:00etatik 10:00etara eman behar da izena, Urretxuko kultur etxean.
Xabier Erostarbe eta Andoni Aretxabaleta, Ederrenan
Urteroko moduan, Urretxuko Ederrena pilotalekuan profesionalen arteko pilota partidak egongo dira. Jaialdia 17:00etan hasiko da. Lehen partidan Xabier Erostarbe urretxuarrak jokatuko du. Mendizabal antzuolarrarekin Jaka eta Tolosaren aurka arituko da. Urretxuarra maila bikaina ematen ari da azkenaldian. Bigarren partida binakako txapelketakoa izango da.
Urrutikoetxea eta Aretxabaleta bizkaitarrak Irribarria aramarraren eta Merino II.aren aurka arituko dira. Aretxabaletaren ama zumarragarra da eta herritarren babesa jasoko du.