Buen Bokadok irabazi du Urretxuko eta Zumarragako Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Bigarren saria Andere ile apaindegiak irabazi du eta hirugarrena, Natalietta jantzi dendak. 29 dendak parte hartu dute. Horietako 22k iazko lehiaketan ere parte hartu zuten.
Sari banaketa ekitaldia atzo eguerdian egin zuten, Antioko interpretazio zentroan. Ekitaldian Beatriz Perez BiTartean merkatari elkarteko lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu zuten. Aurkezle lanak Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak egin zituen.
Maizak epaimahaiak erakusleihoen kalitate maila eta originaltasuna azpimarratu duela esan zuen. «Merkatariak aurrera egiteko eta berritzeko ahalegina egiten ari dira. Gainera, ikastaro bat egiteko aukera eduki dute, material eta ideia berriak ezagutzeko. Oso ondo erantzuten diete beraientzat antolatzen diren ekimenei».
Bestalde, urtarrilean Zumarragako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia aurkeztuko dute. «Plana egiten ari diren teknikariek Zumarraga eta Urretxun kalitatezko merkataritza dagoela esan dute».
Bukatzeko, lehiaketan parte hartu ez, baina beraien erakusleihoak apaindu dituzten merkatariei ere eskerrak eman zizkien, herria apaintzeagatik. Eta herritarrei Gabonetako erosketak herrian egiteko eskatu zien.
Irabazlea pozik
Irabazlea oso pozik zegoen, noski. Jesus Mari de la Cruzek 2014an ireki zuen Buen Bokado. Bertan, janaria prestatzen dute, etxera eramateko. Lehen egunetik erakusleihoa asko zaindu du. «Dendaren irudia zaindu behar da eta, gainera, eskulanak asko gustatzen zaizkit».
Lehen aldiz irabazi du lehiaketa hau, baina duela urte batzuk lagun batek Urretxuko eta Zumarragako lehiaketa berak egindako lanarekin irabazi zuen.
Oraingo honetan erakusleiho «magiko» eta «elegantea» prestatu duela dio. Afari bat irudikatu du, biolin jotzaile eta guzti. Biolin jotzailearen mekanismoa berak egin du eta kanapeak plastilinarekin egin ditu.
Buen Bokadon lan asko dute egun hauetan. «Kanapeak eta afariak prestatzen ditugu. Gabonetako afari berezi bat eskaintzen dugu. Geroz eta jende gehiago etortzen da gurera, etxean lan egin beharra ez izateko», amaitu du.