Zumarragak hainbat urte eman zituen antzokirik gabe eta 1999-2003 legealdiko lehentasunetako bat Zelai Arizti aretoa egitea izan zen. Aditu guztien arabera, goi mailako aretoa da. Areto gutxik dute Zumarragakoaren pareko akustika eta erosotasuna. Baina 2001ean inauguratu zen eta hamazazpi urte hauetan teknologia berrikuntza asko egon dira. Udalak, aldundiaren diru laguntzarekin, gabezia horiek konpondu ditu.
Berrikuntza teknologikoei dagokienez, 2D eta 3D proiektoreak erosi dituzte eta soinu ekipoa hobetu dute. Orain arteko sistema analogikoa zen eta egungoa digitala da.
Gainera, besaulki patioan kontrol mahai bat jarri dute. Izan ere, kontzertuetan eta antzezlanetan lan egiten duten teknikarientzat askoz ere hobea da kontrol mahaia besaulki patioan egotea. Orain arte proiekzio gelan zegoen. Bestalde, sarrerako tunela luzatu egin dute, berandu iristen direnek atea irekitzen dutenean argia aretora sar ez dadin. Bukatzeko, agertokira igotzeko eskailera bat jarri dute. Orain artekoa baino zabalagoa da eta, beraz, erosoagoa. Berrikuntza hauek guztiak aldundiak emandako 100.000 euroekin egin dira.
Denis Itxaso kultura diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Zelai Arizti aretoa bisitatu zuten atzo eta berrikuntzei buruz hitz egin zuten.
Itxasok udalek kulturari garrantzia ematea eskertzekoa dela esan zuen. «Duela gutxi Sarralden egon ginen. Han, entsegu lokalak prestatu ditugu. Hemen, berriz, emanaldiak egiten dira. Iaz Mikelek proposamena aurkeztu zigun eta beharrezkoa zela ikusi genuen. Teknologiak aurrera egin du eta ekipoak berritu beharra zegoen».
Itxasok ez zuen Zelai Arizti aretoa ezagutzen eta txundituta gelditu zen. «Gipuzkoa osoan ez dago halakorik. Eserleku guztietatik agerlekua primeran ikusten da».
Udalari elkarrekin lanean jarraitzeko gonbitea luzatu zion. «Sarralde eta Zelai Arizti aipatu ditut eta hirugarren lan ildoa Katapulta egitasmoa izan daiteke. Honen helburua musika eta antzerki talde berriei beraien lana erakusteko aukera ematea da. Areto publiko eta pribatuak beraien esku jartzen ditugu».
Zumarragako alkateak Itxasori eskerrak eman zizkion eta zumarragarrak Zelai Arizti aretoaz harro daudela esan zuen. Areto honek 328 eserleku eta mugikortasun urriko pertsonentzako bi toki ditu. Zine, antzerki eta musika emanaldietarako eta hitzaldietarako erabiltzen da, besteak beste. Iaz 120 aldiz erabili zen, zine komertzialaren emanaldietatik kanpo.