Joxe Mari Iparragirre Urretxuko eta Zumarragak eman duten artista handienetako bat da. Bi udalek urtero bere izena daramaten sariak banatzen dituzte. Aurten, bi herritar daude sarituen artean: Mikel Fernandezek euskarazko narratiba saria irabazi du
Jangoikoa ez da nahikoa lanarekin eta Miriam Lukik euskarazko poesia saria
Erreka lanarekin. Iparragirre beraietaz harro egongo litzateke. Batez ere, euskaraz idazten dutelako.
Bietan beteranoena Luki da. 1973an jaio zen eta GOIERRIKO HITZAn lan egiten du. Betidanik du gustuko irakurtzea eta idaztea. «Irakurzaletasunetik dator nire idazteko zaletasuna. Beharbada, irakurtze soilarekin nahikoa nuke, baina ikusitakoak, sentitutakoak edota detaile txiki horretan erreparatzeak ere bultzatu izan nau idazketara. Guk, dena dela, ofizioa ere badugu. Kazetariak gara eta egunero idazten dugu».
Ez du bere lanak lehiaketetara aurkezteko ohitura, ordea. «Nire lana poesia lehiaketa batera aurkezten dudan lehenengo aldia da. Zergatik aurkeztu nuen? Bada,
zergatik ez? galdetu niolako nire buruari».
Iparragirre saria irabazi duen lanaren ardatza bizitzaren aro ezberdinak dira. «Poema sorta gizakion aro ezberdinetan banatuta dago. Jaiotza, haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa, zahartzaroa eta heriotza. Gaztaroa da luzeena, zeren gure garaian gehien luzatzen den etapa dela uste baitut. Errekaren irudiak laguntzen ditu etapa guztiak. Poema bilduman beldurrari buruzko gogoeta ere egiten da. Gizakiaren aroak, erreka beti aldatzen ari dena- eta beldurrak; horiek osagai nagusiak».
«Irakurtzeak unibertsoa zabaltzen dizu:
liburuak irekita dauden leihoak dira»
Miriam Luki (Euskarazko poesia lan onena)
«Idaztea espresatzeko modu bat da:
ahoz esateko gai ez naizena idatziz esan dezaket»
Mikel Fernandez (Euskarazko narratiba lan onena)
Irakurtzea, plazera
Irakurtzea eta idaztea beretzat plazerak direla dio. «Irakurtzea plazera da. Azken aldian, barre ere egin dut ipuin batekin edo besterekin eta hori itzela da. Irakurtzeak isiltasuna eta nor bere baitara biltzea eskatzen du, hori ere estimatzen diot. Unibertsoa zabaltzen dizu irakurtzeak, liburuak irekita dauden leihoak dira. Idazten gozatzea zailagoa egiten zait… Hala ere, istant labur batez lortuz gero, hori ere itzela da».
Mikel Fernandez
Fernandez ere urretxuarra da. 1986an jaio zen eta Urretxu-Zumarraga ikastolan lan egiten du. Euskara eta Gaztelera eskolak ematen ditu. Arte Ederrak ikasten hasi zen, baina azkenean Euskal Filologia egin zuen.
Luki ez bezala, bera duela gutxi hasi zen idazten. «Niri marraztea gustatzen zitzaidan. Euskal Filologia ikasten hasi nintzenean ekin nion irakurtzeari. Idazten, berriz, duela urte gutxi hasi nintzen. Iaz ere lan bat aurkeztu nuen. Oraingo honetan denboraz larriago ibili naiz eta ez nuen espero saria irabaztea. Iazkoarekin gusturago gelditu nintzen, baina sariaren berri izan ondoren aurtengoa berriro irakurri dut eta ez dagoela gaizki iruditu zait. Udan idazten dut batez ere, eta lehiaketa gutxitara aurkeztu naiz. Niretzat idazten dut, batez ere».
Euskal idazleen artean, Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga dira bere kuttunak. Kanpokoen artean, Paul Auster. «Austerren pertsonaiak eta estiloa asko gustatzen zaizkit eta, nire ustez, bere bidetik jotzen dut batez ere. Saria irabazi duen ipuinerako ideia Patrick Suskind idazlearen
La paloma liburutik hartu nuen. Protagonista gizon bakarti eta errutina zale bat da. Dena kontrolpean du, baina espero ez duen zerbait gertatutako zaio eta ez du jakingo horri aurre egiten. Bere beldurrak agerian gelditzen dira. Pertsonaia bakarti eta arraroak gustatzen zaizkit. Eguneroko edozein detailetik istorio bat atera dezaket».
Oso pozik dago Iparragirre saria irabazi duelako, baina euskarazko lan gutxi aurkeztu izanak pena pixka bat ematen dio. Bere gurasoek ez dakite euskaraz, baina egun euskaraz bizi da. «Berandu hasi nintzen euskaraz bizitzen: Batxilergotik aurrera. Lehen Hezkuntzan eta DBHn ez genuen euskal literatura eman. Ez nituen klasikoak ezagutzen. Karreran asko ikasi nuen eta orduan hasi nintzen gozatzen».
DBH1 eta DBH2ko ikasleei eskolak ematen dizkie eta horiek gehiago irakurtzea gustatutako litzaioke. Irakasleak horretan saiatzen dira, baina ez da erraza. «Geroz eta gutxiago irakurtzen da eta idatzi, batere ez. Arazo bat da. Literatura ez dator curriculumean, oso ikasle gutxik dute irakurtzeko ohitura… Penagarria da eta zerbait egin behar da. Dena den, DBHko lehen mailetan dena beltz ikusten dugu eta Batxilergoan ikasleak heldu egiten dira. Hori belaunaldiz-belaunaldi errepikatu egiten da». Mundu guztiari irakurtzea eta idaztea gomendatzen dio. «Idaztea espresatzeko modu bat da. Ahoz esateko gai ez naizena, idatziz esan dezaket».
Miriam Lukik eta Mikel Fernandezek bihar jasoko dituzte sariak. Ekitaldia 19:00etan izango da, Urretxuko udaletxeko areto nagusian. Hauek dira gainontzeko sarituak: bertsopaperetan Ekaitz Goikoetxea beasaindarra eta Karmele Mitxelena oiartzuarra, erdarazko narratiban Silvia d’Aquila irundarra eta erdarazko poesian Simon Delgado madrildarra. Saritutako lanekin liburu bat argitaratu dute eta ekitaldian Patxi Andion kantariak abestuko du.