Gipuzkoako ikastolen Kilometroak festa urte osoko ekimena izango da 2020tik aurrera. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte eta urriko lehen igandeko festa urte osoko lanaren produktua izango da. Jaialdi hauen antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko dute eta helburetako bat harrobi kulturala ezagutzera ematea da.
Gizartea asko aldatu da lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977an izan zen hori eta ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako ikastolek aldaketa aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dute, antolatzen duten jaia gaurko garaietara erabat egokitu ahal izateko.
Helburu horrekin, Kilometroak Bidea deituriko hausnarketa prozesua hasi zen 2015eko irailean. Bidean, jaiaren historia aztertu da, gaur arte izandako bilakaera kontuan hartuz, eta egungo egoeraren analisi sakona egin da.
Kilometroak festaren eredu berria atzo aurkeztu zuten, Zumarragan. Izan ere, aurtengo Kilometroak Urretxu-Zumarraga ikastolak antolatuko du. 2020. urtetik aurrera Kilometroak festak hamar premisa beteko dituela esan zuten: ikastolen mugimenduaren misioa bete, Ikastolen Elkartea sendotu, ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu, parte-hartzea areagotu, naziotasuna indartu, xede ekonomiko errentagarria birkokatu, azken jaia urte osoko emaitza bihurtu, berritzaile eta garaikidea izan, jaiaren dimentsioa birkokatu eta ikasleak ahaldundu.
Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko da eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko du, Baina, horrez gain, urtean zehar beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa. Horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.
Gaur egun, dagoeneko, Kilometroak ez da urriko lehen igandean ospatzen den jaia soilik. Urte osoko ekimen eta lanak daude: arropa salmenta, Gure Zozketako txartelen salmenta… Ideia horretan gehiago sakonduk da 2020. urtetik aurrera.
Ikasleak ahalduntzeko eta haien parte hartzea bultzatzeko bidean ere aurrerapauso batzuk eman dira azken urte hauetan Erronka ekimenarekin. Urte osoan hainbat gaitan lehiatzen dira ikastoletako ikasle taldeak eta horrek euren arteko harremanak sendotzen laguntzen die, Kilometroak jaian modu aktiboan parte hartzera bultzatuz.
Etorkizunean parte hartzea ere handitu nahi da. Gaur egun, kultura kontsumitzaile hutsak dira jaira gerturatzen direnak. Eredu berrian, berriz, ikasleak eta beraien familiak kultur ekimenen sortzaile izango dira. Ikastolek kulturaren harrobi izan nahi dute eta Kilometroak jaian urtean egindako sorkuntzei lekua egingo zaie.
Naziotasuna indartzeari ere garrantzia eman nahi zaio. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia da, baina ikastolek osatzen duten komunitateak herrialdea gainditzen du: Euskal Herri osoan hedatua dago. Hori dela eta, ikastolen aldeko jaietan naizio sentipena landuko dute. Horregatik, aurrerantzean, beste lurraldeetako ikastolei eta hauek antolatzen dituzten jaiei ere laguntza eskainiko zaie harremanak sendotzeko eta elkarlanean hainbat egitasmo burutu ahal izateko.
Aldaketa 2020rako aurrikusten bada ere, hausnarketa prozesuan antolatu diren Kilometroak jaiek hainbat keinu egin dizkiote eredu berria izango denari. Bide horri eutsiko diote 2018an Urretxu-Zumarragan eta 2019an Zarautzen.
Atzoko aurkezpenean hori guztia aipatu zuten. Ekitaldia antzerki saio labur batekin hasi zen. Agurtzane Aramendi aurkezleak, Estitxu Zaldua aktoreak eta ikastolako beste guraso batzuk bilera bat antzeztu zuten. Hamar premisak azaldu zituzten eta Mikel Mendizabal bertsolariak (ikastolako gurasoa hau ere) premisei buruz abestu zuen.
Ondoren, Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakariak, Ane Barruso Bergarako ikastolako zuzendariak, Zigor Ibartzabal Oñatiko ikastolako zuzendariak eta Patxi Olabarria EHIko Egonkortasun arduradunak hartu zuten hitza.
Bergarako ikastolak 2016ko festa antolatu zuen. Barrusok antolaketa familientzat oso nekagarria dela eta festa ikastola guztiena bada, lanaren zama ikastola bakar batek hartzea zentzurik ez duela aipatu zuen.
Olabarriak ikastolen aldeko jaiak beharrezkoak direla gogoratu zuen: ikastolen eredua zabaltzeko, dirua lortzeko eta gizarteak ikastolekin duen identifikazioa areagotzeko. “Beste lurraldeetan ere beraien jaiez hausnartzen ari dira eta aurki elkarrekin urratsak emango ditugu”.
Ibartzabalek egungo ereduak gauza on asko dituela gogoratu zuen. “Jada 1500-2.000 pertsona inguru mugitzen ditugu, baina parte hartzean sakondu behar da. Horretako, harrobi kulturala herriko plazara aterako dugu”.
Gazteei ere hitza eman zitzaien. Urretxu-Zumarraga ikastolako Batxilergoko bi ikaslek, Irene Tejedorrek eta Jon Amundarainek, beraien belaunaldikoen izenean hitz egin zuten. Kilometroak festara ondo pasatzera eta lagunak egitera joaten direla eta alkohol eta droga kontsumoa murrizteko ekintza parte hartzaileak antolatu behar direla esan zuten. Ondoren, ikusleek galderak egiteko aukera eduki zuten.
Bukatzeko, Kilometroak festaren 40 urteko historia laburtzen duen bideo bat eman zuten, Mikel Fernandez ikastolako irakasleak Miriam Luki idazle urretxuarraren testu bat irakurri zuen, Artolazabal sendia omendu zuten eta ikastolako ikasle eta guraso talde batek dantza saio bat egin zuen.
Bere garaian ikastolak sortu baziren eta mende erdi beranduago bere izaerari eusten badiote, Euskal Herrian Artolazabaldarrak bezalako asko daudelako da: Juanvik Urretxu-Zumarraga ikastolaren sorreran parte hartu zuen, berak eta Kontxi bere emazteak seme-alabak ikastolara bidali zituzten, Urretxu eta Zumarragan ospatu diren Kilometroak festen antolaketan parte hartu dute eta Argiñe alaba ikastolako lehendakaria da. Juanvi, Argiñe eta honen seme-alabak, Itziar eta Markel, agertokira igo ziren eta oroigarriak jaso zituzten.