Andoni Imazek (Zumarraga, 1996) Next Station lehiaketan parte hartu du eta finalera heldu da. Bere lana hautatzen badute, serie bat egingo du EITBren webgunerako.
Betidanik al duzu gustuko ikus-entzunezkoen mundua?
Bai. Zine zalea naiz umetatik. Ez nuen argi zer ikasi eta Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua egitea erabaki nuen. Nire zine zaletasunagatik uste dut. Pelikula dezente ikusten dut eta zineari buruzko dezente irakurtzen dut.
Zein genero atsegin duzu?
Zientzia fikzioa gustatzen zait. Dena den, elkarren oso ezberdinak diren pelikulak gustatzen zaizkit.
2001: Espazioko odisea asko gustatzen zait, baina baita
Ozeko aztia ere.
Aukeratutako karrerarekin gustura al zaude?
Bai. Izena zabala du eta ikasketek ere denetik hartzen dute: telebista, irratia, prentsa, irudia eta soinua… Hala, erraza da gustuko duzun zerbait aurkitzea. Gradua aurten bukatuko dut eta ikasten jarraitzeko asmoa dut, baina ez dut batere argi zer ikasi. Gidoiak idazten eroso sentitzen naiz, baina oraindik ez dut erabakia hartu. Ez da erraza, aukera asko albo batera utzi behar baitituzu.
Gradu amaierako lana hasi al duzu?
Lagun bat eta biok Elkarrekin argitaletxearekin eta Hekimen euskal hedabideen elkartearekin lanean ari gara, gazteentzako aldizkari digital eta multimedia bat egiteko. Gazteei bertako eta nazioarteko albisteak eskainiko dizkien plataforma bat falta dela uste dute, ideia egitasmoari aurkeztu zioten eta guk hartu genuen. Egitasmoak aurrera egingo balu, ez litzateke lan egiteko aukera txarra izango.
Bestalde, Next Station lehiaketan parte hartu duzu, Mondragon Unibertsitateko ikaskide batzuekin batera.
Formatu berriei buruzko ikasgai batean egitasmo bat garatzen ari ginen eta webserie bat egitea erabaki genuen. Webserie lehiaketa honen berri izan genue-nean, parte hartzea erabaki genuen. Duela hilabete deitu ziguten, hiru finalisten artean geundela esateko.
Zein da zuen webseriearen argumentua?
Musika talde batek maketa lehiaketa bat irabaztea du helburu, baina kide bat joan egin zaie. Bi dira eta hirugarrena behar dute taldea osatzeko. Hala, bilaketa hasiko dute. Umoretik jo dugu. Hamar minutuko sei kapitulu egitea proposatu dugu.
«Webserieak telesail txirotzat hartzen dira,
baina gauzak aldatzen ari dira»
«’Lasa eta Zabala’ pelikulako gidoia
egin zuenarekin lan egin dugu»
Finalera sailkatu zaretenak goi errendimenduko egoitza artistiko batean parte hartu duzue. Zer moduz joan da?
Gure taldeko hiru lagun joan gara. Hiru egun pasa ditugu Bilbon, aurkeztu genuen ideiari forma ematen. Joanes Urkixorekin lan egin dugu. Lasa eta Zabala pelikulako gidoia berak idatzi zuen. Lehenengo kapituluko gidoia idatzi dugu eta finalera aurkeztu dugu. Datorren astean hautaketa lana egingo dute eta gure proiektua aukeratzen badute, bigarren egonaldi bat egingo dugu webserie osoa idazteko. Udan grabatuko dute eta udazkenean emango dute.
Zuen burua irabazteko gai ikusten al duzue?
Sareko hartzaile gehienak gaz-teak dira eta gure istorioko protagonistak gazteak dira. Gainera, gazteen errealitatea hurbiltasunez eta naturaltasunez landu dugu. Seriea sinesgarria eta umoretsua da.
Webseriek indar handia al dute gazteen artean?
Webserieak diru gutxirekin egindako telesailtzat hartzen dira, baina nazioartean gauzak aldatzen ari dira. Sarean jende asko dabil eta herrialde askotan diru asko inbertitzen dute sareko edukietan. Aurrekontu eta kalitate handiko webserieak daude. Hemen arazo bat dugu, ordea: inork ez du lortzen sarerako euskarazko produktu errentagarriak egitea. Hala, inor ez dago prest dirua jartzeko, bueltan etorri behar ez bazaio. Next Station lehiaketa irabazten duen seriea EITBren webgunean emango dute eta hori oso garrantzitsua da. EITBk dirua eta ardura ditu.
Gazte euskaldunek kontsumitzen al dituzte euskarazko produktuak?
Sarean mundu guztiko produktuak daude. Asko, aurrekontu altuekin egindakoak. Euskaraz egin eta kontsumitzen diren produktuak militantziagatik egin eta kontsumitzen direla uste dut. Hortik atera beharra dago. Eta guk egiten ez badugu, ez du inork egingo. Gazteei kontsumo azkarreko produktuak gustatzen zaizkie.