Bihar Poligrafo Fest! jaialdiaren hirugarren edizioa hasiko da Urretxun. Hiru egunetan egongo dira kontzertuak: bihar eta datorren asteko ostiralean eta larunbatean.
Jaialdi hau Zarraparra kolektiboak, Bizar&Bomber-ek eta Motz tabernak antolatu dute, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzarekin.
Bihar, 13:00etan Gernikako Arbola plazan, aurtengo kontzertuak aurkeztuko dituzte. Ondoren, Oskar Benas Instro Combo eta The Braves taldeek joko dute. Sarrera doan izango da. Oskar Benas gitarra-jotzailea da. Fermin Muguruzarekin jo zuen eta ondoren bere proiektua martxan jarri zuen. The Braves rock taldea, berriz, australiarra da.
Datorren ostiralean, berriz, Hiri Galduak taldeak eta Niko Etxartek joko dute, Urretxuko Labeaga aretoan. Hiri Galduak taldeak 22:00etan joko du eta Etxartek 23:00etan. Sarrerek 20 euro balio dute eta dagoeneko salgai daude, Motz tabernan.
Etxart euskal rockaren historia bizia da. Mito bat ia. Izan ere, euskal rockaren aitzindarietako bat izan zen, 1970eko hamarkadan. Urretxura Hapa Hapa bere taldearekin etorriko da. Hiru Galduak, berriz, Josu Calvo zumarragarraren egitasmo berria da.
Hilaren 21eko kontzertuak, berriz, Gernikako Arbola plazan izango dira. Bost taldek joko dute, 20:00etatik aurrera. Antolatzaileek ez dakite oraindik zein taldek emango dion hasiera kontzertuari. The Jungle Fevers talde asturiarrak jo behar zuen, baina ez dute etortzerik.
Larunbateko kontzertuak
Libek 21:00etan joko du, 22:00etan Mice taldeak, 23:30ean The Kleejos Bandek eta 01:00etan Señor No taldeak. Sarrera doan izango da.
Señor No Euskal Herriko punk rock talde garrantzitsuenetako bat da eta 25 urte daramatzate kontzertu indartsuak egiten. The Kleejos Band Zaragozako taldeak ere zuzeneko indartsua du. Rock amerikarra egiten dute eta jaialdi askotan parte hartzen dute.
Liberi dagokionez, Libe Gartzia de Kortazar gasteiztarraren rock taldea da. Bigarren diskoa aurkeztuko dute:
Ilargia erori da. Gartzia de Kortazarrek Sorkun eta Ekonekin jo du, besteak beste.
Bukatzeko, Mice Miren Narbaiza eibartarraren proiektu berria da. Joseba B. Lenoir gitarra jotzailearekin etorriko da.