Lide Mendiaraz, Leire Iriarte, Nerea Arakistain eta Mikel Aranzadi Donostiako Deustu Unibertsitateko komunikazio graduko ikasleak dira. Publizitatea ikasgaian gobernuz kanpoko erakunde bati publizitate kanpaina bat egitea egokitu zaie lan gisa, eta hortik elkartasunezko dantza jaialdi hau antolatzeko ideia.
Algaraklown ospitaleko pailazoen elkarte bat da, eta Donostiako Ospitalean jarduten dute, batez ere. Astero, klown bikote bat bertara gerturatzen da gai-xoak bisitatzera, haien egonaldia arintzeko helburuarekin. Taldeko hiru neskek azaldu dutenez, «Algaraklown taldeko kideak ikasgelan izan genituen bisitan, eta beren egoeraren berri eman ziguten». Ikasleak taldetan banatuta pailazo elkartearen neurrira egindako publizitate kanpaina bat egin behar dute ikasgaiko lan moduan. Publizitate kanpainaren helburua bikoitza da, «Algaraklown ezagutzera ematea, eta erakundea diruz laguntzeko bitartekoak bilatzea», zehaztu dute.
Lehendabiziko lana antolatu beharreko ekintza zehaztea izan zen. «Ia hasieratik garbi izan genuen dantza jaialdiarena», diote. Izan ere, Arakistain Azkoitiko eta Urretxuko Dantzaki dantza taldeko kidea da, eta Mendiaraz urretxuarra Irrintzi dantza taldekoa. Hala, bi musika estilo, «areto dantza eta euskal dantza», uztartuz elkartasun jaialdi bat egitea erabaki zuten,
Mugitu Algarak izenburupean.
Larunbatean, Labeagan
Behin ekintza zehaztuta, «transmititu nahi genuen mezua zehaztea» izan zen hurrengo lana, dio Iriartek. «Sudur gorria izan da aukeratutako irudia, alpargata zuri-gorriz eta areto dantzako zapataz lagunduta» diote.
Zailtasunik handiena jaialdia burutzeko aretoa aurkitzea izan dela esan dute. Azpeitian eta Azkoitian bila ibili eta gero, Urretxuko Udalak Labeaga aretoa erabiltzeko aukera eman zien. «Udalak asko lagundu digu, kartelak ere beraiek inprimatu dizkigute», diote esker onez.
Dantza jaialdia datorren larunbatean izango da, 19:00etan. Sarrerak euro batean jarriko dituzte salgai 18:00etatik aurrera Labeaga aretoko leihatilan bertan. Sudur gorriak erosteko aukera ere izango da bertan.
Algaraklown, irribarreen bitartez sendatzeko gai den erakundea
Algaraklown elkartea 2011n sortu zen Donostiako bi pailazok Madrilen egiten ari ziren ospitaleko clown ikastaro batean elkar ezagutu zutenean. Amparo de Miguelek eta Saioa Aizpuruak clown talde bat osatu nahi zuten Gipuzkoan, eta horretan batu zituzten euren indarrak hurrengo hilabeteetan.
Proiektura batu ziren beste 10 laguni prestakuntza eman, eta proiektua abian jartzeko prozesua amaituta, 2012ko azaroan hasi ziren lehenengo bisitaldiak egiten Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ama-haurren sailean. Hasiera hartan bisitak hamabostean behin egiten zituzten, baina 2014tik aurrera asteroko maiztasuna hartu zuten.
Ama-haurren sailean bisitak onkologian, zainketa intentsibo pediatrikoetan, kirurgian edo neonatologian ospitaleratuta dauden haurren artean banatzen dituzte. Ingurune ludiko batetik abiatuta, beldurrak adierazteko edo errealitatea sormenez janzteko aukera ematen diete haurrei.
Adinekoei arreta ere bai
Algaraklownek bisita gehientsuenak ospitaleratuta dauden haurrei egiten badizkiete ere, euren jarduna zabaldu dute azken urteetan. Hala, Gipuzkoako zaharren egoitzetara joaten ere hasi dira «bizitzan aldaketa erabakigarriak izan dituzten pertsona horiekin egoteko, haien ongizatea hobetzen saiatzeko eta zentroetako egonaldia alaitzeko» helburuarekin, webgunean diotenez.
Adinekoen autonomia-gaitasuna sustatzea dute helburu saio hauek, «bizi kalitatearen hobekuntza, parte hartze aktiboa eta taldekoa izatearen sentimendua bultzatzen lagunduz».
2016tik haurrei ebakuntza gelaraino ere laguntzen diete pailazoek, ebakuntzaren aurretik eta ondoren, bizi izaten duten tentsio emozionala murrizten laguntzeko. Izan ere, irribarreek sendatzen ere laguntzen dute.