Xabier Gorostegi (Ordizia, 1989) saskibaloi entrenatzaileak balentria lortu du: Bigarren Nazionalean jokatzea zegokion Goierri saskibaloi taldea Lehen Nazionaleko txapeldun egin du.
Betidanik atsegin al duzu saskibaloia?
Bai, umetatik. 12 urterekin hasi nintzen, Ordiziako saskibaloi eskolan. Etxekoek ez dute saskibaloian jokatu, ordea: aita futbolaria izan zen eta ama arraunlaria.
Oraindik jokalari izateko adina duzu, baina entrenatzailea zara.
Gazte mailatik senior mailara pasa behar nintzenean jokatzeari utzi nion. Ikasketak zirela eta, ez nuen denbora asko eta jokalari edo entrenatzaile izan aukeratu behar izan nuen.
Zergatik aukeratu zenuen entrenatzaile izatea?
Jokalariaren bizitza entrenatzailearena baino laburragoa delako.
Entrenatzaile bezala, zein ibilbide osatu duzu?
Haur mailako mutilekin hasi nintzen, ondoren kadete mailako neskak entrenatu nituen eta 22 urterekin gizonezkoen lehen taldea hartu nuen. Lehen Nazionalean hartu nuen eta jaitsi egin ginen. Hurrengo bi urteetan lauko finala jokatzetik gertu egon ginen. Laugarren denboraldia gogorra izan zen eta taldea utzi nuen. Gazte mailako taldea hartu nuen. Iazko udan saskibaloia uztea erabaki nuen. Astelehe-nean saskibaloia utzi nuen, asteartean Goierrikoen deia jaso nuen eta ostegunean beraiekin fitxatu nuen.
Zergatik utzi nahi zenuen saskibaloia?
10 urte neramatzan klub berean eta erreta nengoen. Gainera, azken urteetan talde bat baino gehiago entrenatu nuen denboraldi berean.
Goierrirekin fitxatu zenuen, ordea.
Xabi Chico kirol zuzendariak deitu egin zidan eta bere proposamena entzuteko eskatu zidan. Bigarren Nazionalean jokatu behar zuen talde gazte bat eskaini zidan. Jokalari guztiak, bi ez ezik, 25 urte azpikoak dira. Talde bakar bat entrenatu behar nuenez eta Urretxu Ordiziatik gertu dagoenez, baiezkoa eman nion. Chico oso ona da jendea konbentzitzen. Gainera, egia esan, saskibaloia uzteak pena ematen zidan.
Zergatik jo zuten Goierrikoek zugana?
Tolosako eta Zarauzko entrenatzaileek libre nengoela esan zieten eta nigana jo zuten.
Urretxun espero zenuena aurkitu al zenuen?
Aurredenboraldian jokalari asko lesionatu ziren eta emaitza kaxkarrak lortu genituen. Ligako lehen partida galdu egin genuen, BKLren aurka, baina oso gustura gelditu nintzen.
“Taldeak talentua du eta bai jokalariek
eta bai nik aprobetxatzen jakin dugu”
“Nire jokatzeko modua eta jokalarien
ezaugarriak bat datoz”
Espero al zenuen liga irabazi eta EBA mailara igotzea?
Ez nuen espero lehenengo gelditzea. Are gutxiago jardunaldi baten faltan eta bi garaipeneko aldearekin. Baina jokalari hauek lan ona egin zezaketela oso argi nuen. Banekien partida guztietan lehiatzeko gai izango ginela.
Lehiatze hutsa ez zen gutxi, taldeak Bigarren Nazionalean jokatu behar baitzuen eta azkenean Lehen Nazionalean jokatu baitzenuten.
Taldeak ez zuen oso ibilbide ona, aurreko bi urteetan Lehen Nazionalera igotzeko finalak galdu baitzituen. Zuzendaritzak Lehen Nazionalean jokatzeko aukera eman zigun, toki bat libre gelditu zelako, eta jokalariok eta nik arriskatzea erabaki genuen. Bi jokalarik ez zuten Lehen Nazionalean jokatu nahi eta orain pozez txoratzen daude.
EBA ligara igotzea mirari bat izan al da?
Ez, egindako lan onaren fruitua da. Taldeak talentua du eta bai jokalariek eta bai nik talentu hori aprobetxatzen jakin dugu. Nondik jo jakin dugu. Gainera, Aitor de Miguel taldera itzuli zen.
Nolako taldea duzula esango zenuke?
Ez nituzke teknika, taktika edo fisikoa azpimarratuko, konpromisoa baizik. Taldearekin, taldekideekin eta entrenatzailearekin izan duten konpromisoa sekulakoa da. Entrenamendu ia guztietan hamar jokalari elkartu dira gutxienez. Azterketetan ere ez dute kale egin.
Nolakoa da zuen jokoa?
Oso fisikoa da. Kontaktuaren bitartez abantaila lortzen saiatzen gara. Eta jokalariak teknikoki onak dira. Maila honetan teknikoki ona izan behar da, derrigor. Taktikari dagokionez, hobetzen ari gara.
Nolako entrenatzailea zara? Zeri ematen diozu garrantzia?
Konpromisoari eta taldearen alde sufritzen jakiteari. Taldearen alde sufritzen dakien jokalariak konbentzitzen nau, ez partiduko 20 puntu sartzen dituenak. Bestalde, maniatiko samarra naiz.
Zeintzuk dira mania horiek?
Entrenamenduetara hiru ordu laurden lehenago heltzen naiz. Jokalariak heltzen diren heinean, beraiekin hitz egitea gustatzen zait. Eguna zer moduz joan den galdetzen diet… Mania polita dela uste dut.
Sistema zehatz batzuen defendatzaile sutsua zara ala jokalarien ezaugarrietara moldatzen al zara?
Entrenatzaile guztiok geure jokatzeko era dugu, baina estilo hori dituzun jokalariei egokitu beharra duzu. Dena den, zortea izan dut. Izan ere, nire jokatzeko modua eta nire jokalarien ezaugarriak bat datoz.
Nola jokatzen du zure taldeak?
Bostek bosten aurka jokatzea gustatzen zait. Orduan gustatzen zait partidari erritmoa ematea, baloia alde batetik bestera asko mugitzea. Ondo defendatzea atsegin dut, baina aurkariari kanpotik botatzen uzten diot. Errebotea ondo ixtea gustatzen zait, noski. Kontraerasorik ez egitea ez zait inporta, bosten aurka oso ondo jokatzen baitugu.
Benetako entrenatzaile bokazioa duzu.
Bai. 22 urterekin titulu guztiak nituen eta Ordiziaren lehen taldea hartu nuen, nire burua gai ikusten nuelako. Baskoniak deitzen badit, joango naiz.
Baskoniak ez, baina beste talde batek beharbada…
Ez, ez… Nire asmoa Goierrin jarraitzea da. Duela bi aste Goierrin jarraituko nuela esan nien zuzendaritzakoei, baina gauzak aldatu egin dira. Orain EBA ligan gaude. EBA ligan jokatzea beste kontu bat da, baina denok gogotsu gaude. Niretzat ere erronka polita da. Ordizian lortu ez nuena hemen lortu dut.
Zer eskatu diozu zuzendaritzari?
EBA liga erdiprofesionala da. Ordizia, Arrasate eta Zarauzko taldeek EBAn jokatzen dute, baina Ordizia jaitsi egin da eta Arrasatek eta Zarautzek amerikar bana dute. Aurtengo taldearekin EBAn jokatzeko prest nago, eskubide hori irabazi baitute, baina Telmo eta Ina Igartua anaiek taldea utziko dutela esan dute. Biak antolatzaileak dira eta, beraz, antolatzaile bat behar dugu. Taldea indartu beharra dugu. Berekoia izanda, hiru atzerritar eskatuko nituzke, baina badakit halako talde batean ezinezkoa dela. Diru kontuak eta konpromisoa kontuan izan beharko dira. Iruñera joatea edo Salamancara joatea ez da gauza bera.
Nor fitxatu pentsatu al duzu?
EBA ligatik jaitsi diren taldeei begira nago, talde horietatik fitxatzeko, baina hori Xabi Chicoren lana da.