Zumarragan bizi den Asier Lertxundi donostiarrak 600 kilometro egin ditu Marokoko desertuan, mendiko bizikletarekin eta bakarrik. Desertua maite du eta dozenaka aldiz joan da bertara. Gidari lanak ere egin ditu.
Aspaldi zuen bizikletarekin joateko asmoa. «Desertuan bizikletan ibiltzea oso ondo legokeela pentsatzen nuen. Gainera, bakarrik joateko gogoa nuen. Bi astetan 600 kilometro egin ditut: Erfoud-etik Foum Zguid-era joan naiz. Nahi nuen ibilbidea osatu dut eta dena ondo irten da. Aljeriako mugaren ondotik joan naiz, raidetako parte hartzaileek erabiltzen dituzten bideetatik ahalik eta urrutien. Toki batean errepidera irten behar izan nintzen ordea, militarrek ez baitzidaten aurreikusita nuen tokitik pasatzen utzi. Dena den, militarrek espero baino eragozpen gutxiago jarri dizkidate. Kontroletan, bakarrik nindoala esaten nienean, txundituta gelditzen ziren».
Ura nola lortu
Dena ondo atera bada, desertua ondo ezagutzen duelako eta bidaia ondo prestatu duelako da. «Basamortura zoazenean, ura da kontuan hartzen duzun lehen gauza. Bizikletan bazoaz, ezin duzu nahi duzun guztia eraman, ordea. Desertua ondo ezagutzen dudanez, badakit non aurki dezakedan. Baina ez nekien zenbat denbora beharko nuen toki batetik bestera joateko: zoruaren araberakoa da. Toki batzuetan azkar joan zaitezke eta beste batzuetan bizikletatik jaitsi beharra duzu».
Ura edukiko zuela bermatzeko, hiru aukera zituen: auto bat eramatea laguntza gisa, lehenago joan eta desertuan bidoiak lurperatzea edo ura bilatzea. «C aukera hautatu nuen. Lehen biak ez nituen gustuko eta nire kasa konpontzea erabaki nuen. Nire kalkuluak lehen egunean pikutara joan ziren ordea, haizearen erruagatik. Goizean goiz hasten zen eta, pixkanaka, gero eta gogorragoa zen. Arratsalderako haizetea zen. Eta kontra nuen, noski».
Haizeak bidaia asko baldintzatu zuen. «Gauean ezin nuen kanpin denda muntatu. Nire asmoa gauean toki polit batean lo egitea zen, baina haizete harekin, babestutako tokiak aurkitu behar nituen. Hala, eguna herrixketan bukatzen saiatzen nintzen. Batzuetan etxeetan edo aterpetxeetan lo egin nuen, beste batzuetan horma baten babesean…».
“Harearen beldur nintzen, baina harri
artean ibiltzea gogorragoa izan da”
“Bakarrik zaudela, buruari eragitea
oso arriskutsua izan daiteke”
“Baldintzak desertuak jartzen ditu:
zoragarria da, baina tranpak ditu”
Haizearen erruz, nahi baino mantsoago ibili zen. Hori dela eta, ahal zuen guztietan ura hartzen zuen. Beti 10 bat litro ur eramaten zituen gainean. Beroa ere etsai gogorra izan zen. «10:00ak aldera beroa sentitzen hasten nintzen eta 15:00etarako jasangaitza zen: 38-40 gradu. Eguzkia irteten zenean hasten nintzen bizikletan ibiltzen eta 10:00etarako bi litro ur edaten nituen. Baina eguzkia eta haizea gogor jotzen hasten zirenean, bi ordutan 15 kilometro egiten nituen eta lau litro edan. Kontuak ez zitzaizkidan ateratzen. Baldintza horietan ez zuen merezi bizikletan jarraitzeak. Hori dela eta, 15:00etan bizikletan ibiltzeari uztea erabaki nuen. Azken egunean, laku lehor bat zeharkatu behar nuenez, gauez ibiltzea erabaki nuen. 4:00etan ekiten nion. Zorua laua zenez, egun batzuetan argirik gabe joan nintzen. Sekulakoa izan zen».
Harri artean
Toki guztiak ez ziren horren samurrak izan, ordea. «Arazoa harea izango zela uste nuen, baina harri artean ibiltzea askoz ere gogorragoa izan zen. Ipurdia txikituta bukatu nuen».
Zorionez, bizikletak primeran erantzun zuen. Urretxuko Mikel Cycle bizikleta dendako nagusiari eskerrak eman nahi dizkio. «Desertura joateko asmoa nuela esan nionean, gurpil lodiko bizikleta bat prestatu zidan. Parrillak eta erremintak ere utzi zizkidan. Sekulako mesedea egin zidan. Bizikleta arrunt batekin ezin izango nuen egin».
Desertua oso ondo ezagutzen du eta ez du larrialdi unerik pasa. «Inguru hura ondo ezagutzen dut eta, gainera, GPSa eraman dut. Une oro, banekien non nengoen, ura non aurkitu nezakeen… Ez nintzen behin ere larritu. Halako bidaia batean, psikologia oso garrantzitsua da. Bakarrik zaudela, buruari eragitea oso arriskutsua izan daiteke. Bizikletak zaratatxo bat egiten badu, larritu egin zaitezke. Ez zitzaidan halakorik gertatu. Aspertu ere ez nintzen egin, lan asko bainuen: harriekin kontuz ibili, ura zaindu, beroari izkin egin… Konturatzerako, zortzi ordu neramatzan bizikleta gainean».
Putzu batetik ura ateratzerik ez zuela konturatu zenean ere ez zen larritu. «Palmondo baten azpian etzan nintzen, lo kuluxka egitera. Etzanda nengoela, handik gertu beste putzu bat dagoela gogoratu nintzen».
Elikadurari dagokionez, janari liofilizatuak eraman zituen eta herrixketan ogia, kontserbak, gazta eta gailetak erosten zituen.
Basamortua oso gustuko izan behar da, eta ondo ezagutu, Lertxundik egin duena egiteko. «Umetan frantziarren 4×4 ibilgailuak ikusten nituen. Hogei urte ingururekin auto zahar bat erosi nuen eta desertura joan nintzen hiru lagunekin. Hurrengo bidaian Sahara zeharkatu nuen. Autoan joaten diren gainontzeko guztiak bezala, Carlos Sainz nintzela uste nuen eta jolastera joaten nintzen».
Baina, halako batean, bidaiatzeko modua aldatu zuen. «Azkar joateagatik gauza asko galtzen ari ginela jabetu nintzen. Poliki bidaiatzen eta jendearekin hitz egiten hasi nintzen. Oasiak, leizeetako margoak, abandonatutako herrixkak… aipatzen zizkidaten. Pixkanaka, desertuaz maitemindu nintzen. Basamortuaz maiteminduta gaudenoi, basamortua aipatzen digutenean nostalgia sentitzen dugu. Barruan daramagu. Desertuan oso gustura sentitzen naiz. Bertako paisaiak eta bakardade sentsazioa asko gustatzen zaizkit».
Desertuak bere arauak ditu, ordea. «Baldintzak berak jartzen ditu. Zoragarria da, baina tranpak ditu. Biluzik zoaz eta hemen zarenak han ez du balio. Bakarrik zoaz eta duzun gauza bakarra zure ezagutza da. Zure mugak ezagutzen ez badituzu, arazo batean sar zaitezke».