Idoia Rubialek (Zumarraga, 1976) Yosemite parkeko The Nose pareta eskalatu du, Maite Zumarragarekin. Balentria hori lortu duten lehen euskal emakumeak direla uste da.
Betidanik kirol zalea izan zara.
Futbolean jokatzen nuen eta Gasteizera joan nintzenean, anaiarekin eta bere kuadrillako batzuekin batera, eskalada egiten hasi nintzen.
Seirak taldeko jokalaria izan zinen. Urretxu eta Zumarragan egon zen lehen neska taldeko jokalaria, alegia.
24-25 urte bete arte jokatu nuen futbolean. Primerako esperientzia izan ginen. Lehenengo Seirak taldean jokatu nuen eta ondoren Urolan. Sekulako giroa genuen. Virginiarekin, Amaiarekin eta Athletic taldean jokatu zuen Gururekin jokatu nuen, besteak beste.
Emakumezkoen futbolak emandako pausoak pozez ikusiko dituzu.
Dena aldatzen ari da eta gehiago aldatzea espero dut. Oraindik asko dago egiteko.
Eskaladan, nondik nora ibili zara?
Kirol eskalada egiten hasi ginen eta ondoren mendiko eskaladara pasa ginen. Gustatu egin zitzaigun eta ordutik hainbat tokitan eskalatu dugu: Pirinioetan, Alpeetan, Gredosen…
Nolatan joan zarete Amerikako Estatu Batuetako Yosemite parkera?
Yosemitera joatea eskalatzaile guztion ametsa da. Urte sabatikoa nuen eta Maite Zumarraga lankideak ere hilabete batzuk hartzeko aukera zuen. Hiru hilabeterako joan gara, ahal genuen guztia.
Yosemitera joatea eskalatzaile guztien ametsa dela esan duzu. Zergatik?
Bertan Kapitaina (The Nose) dago eta pareta hori igotzea eskalatzaile guztien ametsa da. Egia esan, ez nekien paretaren bat igotzeko aukera izango genuen ere. Umiltasun handiz joan ginen: Kapitaina igotzen badugu, ondo, eta bestela gozatu eta ikasi egingo dugu.
Gogorra izan al da?
Hemengo harkaitza eta hangoa oso ezberdinak dira. Hori dela eta, zerotik hastea bezala izan da. Eskalatzen ikasi behar duzu. Han eskuak eta oinak zirrikituetan sartu behar dira eta hemen ertzak heldu behar dira. Gure buruari jarritako erronka bat zen eta lehenengo egunetan telebistari begira bezala egon ginen, eskalatzen hastera ausartu ginen arte.
Jende askorekin elkartu al zineten?
Kapitaineko bide arruntean jende asko zegoen, baina beste toki batzuetan gutxiago.
Espero bezain esperientzia polita izan al da?
Oso polita. Jende asko harritu egiten da, baina hiru hilabeteak Yosemite parkean eman ditugu. Joan aurretik, ez nuen uste Yosemiten horrenbeste eskalatuko genuenik. Ez dakizu zer aurkituko duzun eta, gainera, hemengo graduazioa eta hangoa ezberdinak dira.
Zer esango zenieke hara joateko asmoa duten eskalatzaileei?
Joateko eta probatzeko. Denborarekin joan badaitezke, askoz ere hobe. Hiru asterako joaten bazara, zerrenda bat eramaten duzu. Guk ez genuen zerrendarik eraman, ez baikenekien zer igoko genuen eta zer ez.
The Nose edo Kapitaina eskalatu duten lehen euskal emakumeak zaretela diote.
Ez dakit hala den. Neskalatzaileak elkarteko kideak gara eta elkarteko lagun bat, Ana Ruiz, oso emozionala da. Jaitsi bezain laister deitzeko esan zigun, une hartako emozioak berarekin partekatzea nahi zuelako. Bazekien nik ez nuela ezer idatziko eta bidalitako argazkiekin testu bat idatzi zuen. Titular deigarria jarri zuen: «Seguru aski, lehen euskal emakumeak». Ez dakit hala den. Ez zen hori gure helburua. Ez dugu ezer berezirik egin eta mezu pila bat jaso ditugu. Jende askok egiten du guk egiten duguna.
Zein da Neskalatzaileak taldearen helburua?
Ana Ruiz eta biok soka-lagunak ginen eta asko pozten ginen beste emakume batzuekin elkartzen ginenean. Hala, elkarte bat sortzea erabaki genuen. Gure helburua emakumeen artean eskalada zaletasuna bultzatzea zen. Horretarako, irteerak, ikastaroak… antolatu genituen. Azken urteetan ekintza gutxiago antolatu ditugu, baina blogarekin jarraitzen dugu.
Zer dela eta gustatzen zaizu horrenbeste eskalada?
Ez dakit. Mendiak ematen duen lasaitasuna, altuera, zerbait egiteko desioa…