Aitor Larrañaga urretxuarra Thermaltake enpresa tailandiarraren
modding txapelketan parte hartzen ari da, mundu osoko beste hamar lagunekin batera.
Modding-ak ordenagailuak
tuneatzean datza. Larrañagak lehiaketara aurkeztu duen ordenagailuak itsaspeko itxura du.
Urretxuar hau margolaria da eta aisialdian ordenagailuak
tuneatzen ditu. «Betidanik dut gustuko ordenagailuak muntatzea.
Hardware-a, alegia.
Modding-a duela hamar bat urte ezagutu nuen eta lagunek emandako piezekin eta aurrezten nuen diruarekin egiten nuen».
Modding mota ezberdinak daude. Batzuk ordenagailu politak egiten dituzte eta beste batzuk, Larrañagak kasu, ordenagailuari beste objektu baten itxura ematen diote. «Niri barrualdea ikustea gustatzen zait. Horretarako, pieza ezberdinak ordenagailuak imitatzen duen objektuaren pieza bezala era- biltzen ditut. Kasu honetan, adibidez, erradiadoreak itsaspekoaren propultsatzaileak dira. Horretarako, atzean jarri ditut».
Pieza batzuk 3D inprimagailuarekin egiten ditu eta irudimena oso garrantzitsua dela dio. «Trenean inspiratu egiten naiz. Blokeatuta nagoenean, trena hartzen dut».
Duela bi urte babesle bat lortu zuen: ur bidezko hozkailuak egiten dituen Thermaltake enpresa. «Ordutik ur bidezko hozketa erabiltzen dut, adibidez. Ur bidezko hozketa duten ordenagailuak ikusgarriagoak dira. Gainera, hobeto hozten dute eta zarata gutxiago ateratzen dute».
Thermaltake enpresak estatu mailako
modding lehiaketa antolatu zuen. Larrañagak ez zuen parte hartzeko asmorik. «Kataluniako lagun bat ordenagailuak
tuneatzetik bizi da eta berak bultzatu ninduen parte hartzera. Berak ere parte hartu zuen eta, azkenean, nik irabazi nuen».
Lehiaketa hartarako Bigarren Munduko Gerrako bunker baten itxura zuen ordenadore bat prestatu zuen.
Enpresaren estatu mailako arduradunei lana asko gustatu zitzaien eta bere babesleak izatea eskaini zioten. Gainera, munduko txapelketan parte hartzera gonbidatu dute. «Babesleak zer nahi dudan galdetu dit. Nahi nituen pieza guztiak eta sekulako ordenadorea nire esku jarri dituzte! Lehiaketara aurkeztu dudan ordenagailuak 6.000 euro inguru balio du eta muntatzeagatik dirua eman didate. Onenen artean gelditzen banaiz, Tailandiara joango naiz».
Irabaztea oso zaila izango dela uste du. «Lan ona egin dut, baina irabaztea oso zaila da. Parte hartzaile batzuk profesionalak dira: Estatu Batuetako ordezkariak laser bidezko ebakitzaile bat du, beste batek hainbat laguntzaile ditu…».
Berak Donostiako Aquarium-aren laguntza jaso du. «Jendeak argazkiak bere tailerrean ateratzen ditu. Nireak itsaspeko itxura duenez, lagun batek Aquarium-era deitzea proposatu zidan. Berehala erantzun zidaten eta oso ondo portatu ziren. Argazkiak Donostiako Lurrak Studiokoek atera zituzten».
Thermatake enpresak beste ordenagailu bat muntatzea eskaini dio. «Honetatik bizitzea zaila da, baina bidean nago», amaitu du.