Jon Maia bertsolariak eta Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak, Jesus Prieto
Pitti-rekin batera, Hezur Beltzak taldea sortu dute. Lehen kontzertua urriaren 13an emango dute, 19:30ean, Zumarragako Etxeberri auzoan.
Maia eta Hermosa etorkinen ondorengoak dira eta joan zen mendearen erdialdean Euskal Herrira etorri ziren espainiarren omenez jarri diote Hezur Beltzak taldea izena taldeari. Gainera, lehen bira honi Poblado Tour izena eman diote. Etorkinen auzoetan emango dituzte kontzertuak.
Hermosa oso harro dago etorkinen ondorengoa izateaz. «Hezur beltzak zortzi euskal abizen ez zituztenak ziren. Hezur beltzak, belarrimotzak, koreanoak, maketoak… deitzen zieten. Bai Jon eta bai ni hezur beltzak gara eta oso harro esaten dugu».
Hala, etorkinak omentzeko talde bat sortzea erabaki dute. «Abesti gehienak gai horri buruzkoak dira: pertsona ezberdinak, gatazkak… Testuak Jonek idatzi ditu eta musika nik konposatu dut. Prietok nire lehen diskoa ekoiztu zuen eta talde ezagunen diskoak ere ekoitzi ditu: Celtas Cortos, Los Secretos… Bestalde, musikari askorekin jo du: La Cabra Mecanica, Andy y Lucas, Manolo Escobar…».
Abestietan musika mota ezberdinen eragina nabari da. «Etiketak kortse bat dira. Nik kontserbatorioan ikasi nuen, baina herri musika eta jazz-a ere jo ditut beti. Hezur Beltzak taldearen musika nire-nirea da. Flamenkoa, euskal musika, klezmer musika, pop-rocka, bluesa, rapa… nahastu ditut».
Kanta batzuk beraien amonei eskaini dizkiete. «Oholtza batera igotzen zarenean, zintzoa izan behar zara eta zure esperientzia kontatu. Gure gurasoak etorkinak dira eta Jonek nik sentitu ditudan gauzak hitzetan jarri ditu».
Hermosa nerabezaroan bere abizenengatik lotsatzen zela gogoratzen du. «Nire abizenak Hermosa, Sanchez, Gallego, Tena, Manzanas, Horrillo, Zorzo, Caballero, Garcia, Yague… dira. Ez dut euskal abizenik. Nerabezaroan oso euskalduna sentitzen nintzen, baina nire abizenek ez zuten hori esaten. Batzuetan lotsatu egiten nintzen».
Adar jotzeak
Gainera, euskaldunak ez ziren abizenak izateagatik isekak jasan behar izan zituen. «Nire abizenengatik adar jotze asko jaso ditut».
Orain, lotsa pasatzetik bere jatorria harrotasunez erakustera pasatzea erabaki du. «Jon eta biok, elkar ezagutu genuenetik, elkarrengandik gertu sentitu gara».
Hala, Hezur Beltzak taldea sortu dute. Lehen kontzertua Zumarragako Etxeberri auzoan emango dute. «Jonen amona Etxeberrin bizi zen. Hori dela eta, lehen kontzertua bertan ematea erabaki genuen. Auzoko jaietan jo nahi genuen, baina dagoeneko berandu zen. Hori dela eta, jaien ondoren joko dugu. Zumarragako Udalak gure proposamena oso begi onez. ikusi du», amaitu du.