Iker Serrano (Urretxu, 1984) Bidasoa taldeko kapitain berria da. Urretxuarrak hamaika taldetan jokatu du eta kirol ibilbide amaieran Irungo taldeko kapitaina izatea ohorea da beretzat.
Denboraldia oso ondo hasi duzue. Zein da zuen helburua?
Iaz baino talde hobea dugu eta iazkoa hobetzea espero dugu, baina ligak bakoitza bere tokian jarriko du. Inoiz baino berdintasun handiagoa dago eta edonork edonori irabazi diezaioke. Bartzelonak iaz sustu pare bat izan zituen.
Taldeko kapitaina zara.
Jacobo Cuetara entrenatzaileak ni kapitaina izatea gustatuko litzaiokeela esan zidan. Taldeko beteranoei kontsultatu nien, Jon Azkue eta Adrian Crowley-ri, eta ondo iruditzen zitzaiela esan zidaten.
Irungo Bidasoa taldeko kapitaina izatea ohorea da Euskal Herriko eskubaloi jokalari batentzat.
Beti esan dut nire kirol ibilbidea hemen bukatzea gustatuko litzaidakeela. Nire kirol ibilbidea Bidasoako kapitain bezala bukatzea demasa izango litzateke. Asier Zubiria, Aitor Etxaburu, Julen Aginagalde, David Rodriguez eta abarrek eraman duten besokoa eramatea ohorea da. Eginbehar honi ilusioz ekin diot. Nire helburua taldea ahalik eta hobeen ordezkatzea eta aldagelako giro onari eustea da.
34 urte dituzu. Erretiroa gertu ikusten al duzu?
Nire helburua denboraldi bat gehiago jokatzea da. Erretiroa 2020an hartzea, alegia. Taldea hazten ari da eta nire kontratua datorren urtean bukatzen da, baina denboraldi bat gehiago jokatu nahi dut.
Nola ikusten duzu zure burua?
Gazteak estutzen ari dira eta geroz eta zailagoa da jokatzea. Geroz eta gogorragoa egiten da pisua zaintzea, pisuak altxatzea… Eskubaloia asko gustatzen zait, baina bidaiatzea, asteburuan etxekoekin ez egotea… ez zait hainbeste gustatzen. Profesionala izateko sakrifizio asko egin behar dira.
Egun Hendaian bizi zara. Erretiroa hartzen duzunean Urretxura itzuliko al zara?
Nire bikoteak Elgoibarren lan egiten du eta beharbada Urretxu-Zumarragara itzuliko gara. Itzultzen bagara, eskubaloi munduan jarraituko dut. Iaz Bidasoa taldearen kadete mailako taldea entrenatu nuen. Euskadiko txapeldunak izan ginen.
Markel Beltza zumarragarrak Bidasoa taldea utzi du.
Oso baja garrantzitsua da, baina bakoitzak bere aukera egin behar du. Markel oso jokalari garrantzitsua zen guretzat: defentsan erreferentea, aldagelan txantxazalea… Aldagelan sartu eta bera ez ikustea gogorra da. Aurten jokalari beltz bat fitxatu dugu eta aldagelan Markelen tokian eseri zen. Gainean «Beltza» jartzen zuen oraindik eta sekulako barreak egin genituen.
Imanol Gartziandia sekulako maila ematen ari da.
Beti esaten genuen Imanol lehertzear zela. Aurreko denboraldiko bigarren itzulian lehertu zen eta maila berean jarraitzen du. Ez du denbora asko emango Logroñon. Atzerriko talderen bat etorriko da bere klausula ordaintzera. Baliabide asko ditu, fisiko ikaragarria, burua bere tokian du, ezkertia da, bi metrotik gora neurtzen du…