Aritz Egeak Golden Trail Series zirkuituko finalean parte hartuko du bihar
Aritz Egea mendiko korrikalri urretxuarra Golden Trail Series zirkuituko finalean lehiatuko da bihar, Hegoafrikan. Munduko hamar onenek parte hartuko dute. Zirkuitu hau munduko lasterketa garrantzitsuenetako batzuek osatzen dute. Tartean, Zegama-Aizkorrik.
Sailkapeneko onenek (hamar emakumezko eta hamar gizonezko) biharko finalean parte hartuko dute. Egea laugarren postuan dago. Podiumera igotzeko aukera gutxi ditu. Kilian Jornetek, berriz, lehen postua ziurtatua du.
Egeak lehen urtea du Salomon taldean eta denboraldi bikaina osatu du: Zegaman zortzigarren postuan sailkatu zen, Mont Blanc-en bosgarren postuan eta Sierre-Zinal-en zazpigarren postuan.
Bihar 42 kilometroko luzera eta 2.600 metroko desnibela duen ibilbidea egingo dute, Garden Route parke naturalean. Lau erreka igaro beharko dituzte, horietako bat igerian. Egeak triatloia egin zuen mendi lasterketetan hasi aurretik. Beraz, ez du erreka igerian igarotzeko arazorik izango.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide