Gipuzkoako erresidentzietako ELAko langileek hiru greba egun egingo dituzte, gaurtik hasita. Goizean kontzentrazioa egin dute Areizaga-Kalebarren plazan. Greba honekin, ELAk patronalaren, aldundiaren eta jaurlaritzaren jarrera “onartezina” dela salatu nahi du. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenak babestutako zerbitzu minimoen ordena berriak zerbitzuak igo ditu. Gauzak egiteko modu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren modua gogorazten digu, zeinek ahal zuen guztia egin zuen gatazka luzatzeko eta, ondorioz, urte beteko grebak bi urte baino gehiago iraun zuen”.
Gainera, ELAk Eusko Jaurlaritzak jarritako zerbitzu minimoei helegitea jarri diela jakinarazi du. “Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Lan Delegaritzak ezarritako zerbitzu minimoak Eusko Jaurlaritza bera garatzen ari den proposamenekoak baino handiagoak dira. Zerbitzuaren kalitatea greba egunetan soilik da garrantzitsua. Hortik kanpo, bai Gipuzkoako Foru Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari berdin zaie erresidentzietako erabiltzaileekin zer gertatzen den”.
Sindikatuaren ustez, honek guztiak “argi eta garbi” uzten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa langileen grebarako eskubidea urratzea eta gatazka luzatzea dela. “Hori lortzeko beraien eskuetan dagoen guztia egingo dute, beraiei dagokien erantzunkizuna hartu eta konponbidea aurkitzen saiatu ordez”.
Honi, negoziazio mahaian patronalak aurkeztutako eskaintza “lotsagarria” gehitu behar zaio. “Bi urteren ondoren, sindikatuek egindako proposamenari erantzuteko dezentziarik ez dute izan. Eskaintzen duten bakarra, 2017 eta 2018rako izozketa da”.
Baina sektore honetan “prekarietatea betierekotu eta gatazka larriagotu” nahi duten administrazio eta patronalaren aurrean, “ELAk sektorea duintzeko eta kalitate gehiagoz hornitzeko azkenera arte borrokan egingo du”. Sindikatuaren ustez, sektore honetako langileak dira sektore hau duintzen dutenak egunero egunero beraien lan goraipagarriarekin. “Egin ditugun hainbat asanbladek argi utzi digute greba honen jarraipena aurrekoa baino askoz zabalagoa izango dela. Langile guztiak egun hauetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide