Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak ekimena abian jarri du kanpotik etorritako urretxuarrak eta bertan jaiotakoek elkar ezagutu dezaten eta, bide batez, herrialde ezberdinetako sukaldaritza ezagutu dezaten.
Saioak larunbat goizetan izango dira. Lehen saioa larunbatean izan zen, Goierri elkartean. Ikastaroa Goierriko bazkideek eman zuten eta jatorri ezberdineko hamabost lagunek parte hartu zuten: Nikaragua, Kuba, Maroko, Kolonbia, Senegal, Ekuatore Ginea eta Euskal Herria.
Goierrin bertan elkartu ziren. Elkar agurtu eta menua aurkeztu ondoren, taldea erosketak egitera irten zen. Bertatik Bertara azokan eta Zumarragako plazan egin zituzten erosketak. Ondoren, bazkaria prestatu zuten eta nahi zuten guztiek bertan bazkaldu zuten.
Hurrengo bi saioetan ere euskal sukaldaritza landuko dute. Azaroaren 17an eta abenduaren 1ean elkartuko dira, Goierri elkartean. Euskal sukaldaritza ikastaroak arrakasta handia izan du eta itxaron zerrenda dago. Beste herrialdeetako saioetan parte hartzeko, tokia dago oraindik. Gizarte zerbitzuetara jo behar da. Saio hauek urtarrila, otsaila eta martxoan izango dira.