Erriberan hiru ikastola daude eta horietako bitako zuzendariak Urretxukoa eta Zumarragakoa dira: Argiñe Korta zumarragarra Tuterako ikastolako zuzendaria da eta Mikel Antia urretxuarra Lodosakoa. Erriberan hiru ikastola daudela kontuan hartuta (hirugarrena Vianakoa da), ez da portzentaia txarra. Gainera, Argiñeren eta Mikelen ama lehengusuak dira. Aranburutarren ar- tean ez al dago beste irakasleren bat Vianara joateko prest?
Kortak 27 urte daramatza dagoeneko Tuteran. Argia ikastola asko hazi da bera heldu zenetik. «40 irakasle eta bost ikasle ginen. Familia txiki bat. Egun 200 ikasle eta 22 irakasle gara. Instalazioak asko hobetu dira».
Euskararen egoera ere asko hobetu dela dio. «Beste sentimendu bat nabaritzen da. Helduen alfabetatzean ere igoera nabarmena da. AEK eta hizkuntza eskola lan handia ari dira egiten eta elkarte askok euskararen alde lan egiten dute. Nafar guztion hizkuntza da eta normaltzat hartzen da batzuk euskaraz aritzea».
Hala ere, lan handia dago oraindik egiteko. Argia ikastolak 2019ko Nafarroa Oinez antolatuko du. Aurkezpena asteazkenean egin zuten, Iruñean. «Laugarrengoz antolatuko dugu Nafarroa Oinez. Lehenengo aldian ere, 1995ean, ni nintzen ikastolako zuzendari. Erronka handia da eta ilusio eta ardura handiarekin hartu dugu».
Oso gustura dago Erriberan. «Nire familia txikia egin dut eta gauza asko ikasi ditut. Adibidez, Euskal Herria oso anitza dela eta hori aberasgarria dela. Bestalde, hemen elkartasuna eta lana ezinbestekoak dira».
Poza hartu zuen Mikel Antiak Lodosan lan egingo zuela jakin zuenean. «Nire burua ikusi nuen, duela 27 urte. Ilusioa egin zidan. Jende gaztea etortzea ona da. Laguntza izango du eta ziur lan bikaina egingo duela».
Lodosako ikastola
Antia duela hilabete eskas heldu zen Lodosako Ibaialde ikastolara. «Oraindik egokitzen ari naiz, baina oso gustura nago. Ikastola txikia da. 36 ikasle ditugu, 0-12 urte bitartekoak. Ziklo bakoitzeko gela bat dugu. Adin ezberdinetakoak elkarrekin egotea ondo dago. Elkarri laguntzen diote eta asko ikasten dute».
Gogotsu heldu dio erronkari. «Errespetua ematen du, baina saltsa guztietan sartu zalea naiz eta Lodosan lan egitea beste mundu bat ezagutzeko aukera polita da. Hemengo ikastolen egoera ezin da Gipuzkoakoek bizi dutenekin alderatu. Familia txiki bat gara eta poliki-poliki aurrera egiten ari gara. Baliabide gutxi ditugu, baina beti dago norbait laguntzeko prest».
Urretxuarrek eta zumarragarrek ere badute Erriberan euskara sustatzeko aukera. Errigora ekimenaren bitartez, hain zuzen ere. Egitasmo honen helburuak Erriberan euskarari bultzadatxoa ematea, auzolana indartzea, bertako ekoizleei laguntzea eta Euskal Herriko eskualdeen arteko lotura indartzea dira.
Horretarako, Erriberako produktuez osatutako saskiak salgai jartzen dira. Jasotako diruaren %25 zonalde zigortuko ikastolak eta AEK indartzera eta, Sortzen elkartearen bidez, sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera bideratzen da. Dagoeneko 800.000 euro bideratu dira.
Saskiak Malkor tabernan eta ikastolan eskatu daitezke. Gainera, gaur, 19:30etik aurrera, Erriberako produktuen dastaketa egongo da Zubimusu plazan (Buhame tabernakoa). Bertan, Antiak eta bere lankide batek egitasmoaren berri emango diete gerturatzen diren guztiei. Udazkeneko kanpaina asteazkenean itxiko da.
Hurrengo kanpaina udaberrian izango da. Kortak eta Antiak saskiak betetzeko antolatzen diren auzolan saioetara gonbidatu dituzte goierritarrak. Bide batez, Erribera ezagutzeko aukera edukiko dute. Merezi du! «Jaki bikainak eta paraje ederrak daude. Erriberako euskaltzale familiak primeran hartuko ditu», aipatu du Antiak. «Gaur egun garai batean baino gutxiago kostatzen da kilometroak egitea eta Errigorak eskaintzen duen auzolanerako aukera oso aberasgarria da», gehitu du Kortak.