Mariñe Arbeo (Zumarraga, 1992) Txakur Gorria sortzaile taldeko kidea da. Malen Amenabar, Nerea Ibartzabal eta Ane Labakarekin lan egiten du. Durangoko Azokako kartela egin dute.
Zein ikasketa egin zenituen?
Diseinu Grafikoa ikasi nuen Donostian eta ondoren Arte Ederrak Bilbon. Diseinua eta Ilustrazioa adarra aukeratu nuen. Umetatik oso argi nuen hortik joko nuela. Zumarragako Arte Ederren eskolako ikaslea izan nintzen.
Gurasoak ere sortzaileak dira. Beraien eraginagatik izan al da?
Pixka bat, bai. Aita ere Arte Ederren eskolako ikaslea izan zen, ama artisaua izan zen…
Nolatan sortu zenuten Txakur Gorria taldea?
Txakur Gorria sormen taldea duela bi urte sortu genuen, unibertsitateko lau lagunek. Denbora-pasa bezala hasi ginen. Nerea Ibartzabal Salegiren amak irudi politak egiten genituela esan zigun eta Akordan egin zuten azoka baterako zerbait egiteko eskatu zigun.
Txakur Gorria ipuina prestatu genuen. Atera genuen diruarekin, hurrengo proiektua ordaindu genuen. Aurten kooperatiba sortu dugu eta hortik bizi gara.
Zer da eskaintzen duzuena?
Bururatzen zaigun horri forma ematen diogu. Hitza eta irudia uztartzen ditugu. Ikus-entzunezkoak egin ditugu, gure belaunaldiko beste sortzaile batzuekin lan egiten dugu… Gure ezaugarri nagusiak autoedizioa eta kolektibotasuna dira.
Nola egiten duzue lan?
Proposamen bat egiten badigute, ideia zaparrada batekin hasten gara. Ondoren, forma ematen diogu eta ardurak banatzen ditugu.
Zein lan egin dituzue azkenaldian?
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen CDaren diseinua, posterra eta bideoklipa egin ditugu. Infografia bat ere egin dugu, beste talde batekin:
Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik. Berriak, Argiak, Jakinek, Lankuk eta guk zabalduko dugu, Durangoko azokan.
Lauhazka izeneko liburua ere argitaratu dugu. Gainera,
Hitzetik Hortzera saioko gidoia egiten dugu eta sormen tailerrak ematen ditugu.
Nola suertatu zen Durangoko Azokako kartela egiteko aukera?
Beraien deia jaso genuen. Beti ibilbide luzeko artistekin lan egin dute eta aurten gazteekin lan egin nahi zuten. Kartela elkarlanean egin dugu. Hiru proposamen egin ditugu eta kartela denon artean aukeratu dugu.
Zer diozu kartelari buruz?
Leloa
Da asko dira da. Gaia aniztasuna da. Durangoko Azokan gertatzen diren istorioak islatu ditugu, azokako planoaren gainean: bakoitza punta batetik dator, aspaldiko lagunak elkartzen dira, liburu bera pertsona askok ukitzen dugu, elkarrekin tupust egiten dugu…
Zer da zuretzat Azoka?
Txakur Gorria taldekook urtero postua jartzen dugu. Irekiera ekitaldian ere parte hartuko dugu. Azokara txikitatik joan naiz, gurasoekin. Orduan ez nuen ulertuko azoka zer den. Topagune bat da.