Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumarragako Udala baratzeak eta txakurrentzako parkea egiten ari dira Urtubi auzoko 17.000 metro koadroko lursail batean, Faustino Orbegozo geriatriko zaharraren ondoan. Aurrekontua 228.000 eurokoa da eta udarako prest egongo da. Baratzeetan izena emateko epea urtarrilean irekiko dute.
Jose Inazio Asensio Ingurumen diputatuak, Mikel Serrano alkateak eta Kimubat enpresako Mikel Igarataundik prentsaurrekoa egin zuten atzo egitasmoa azaltzeko.
Serranok eskerrak eman zizkion Asensiori. «Orain arte erabilpenik izan ez duen toki bat da. Arazoak eman dizkio herriari gainera, Belokitik datorren ura ez delako jaso. Obrari esker, ura jaso egingo da. Gainera, baratzeak, aisialdirako gunea eta txakurrentzako parkea egingo dira eta bertako zuhaitzak landatuko dira».
Asensiok Serranori eman zizkion eskerrak. «Eskerrak eman nahi dizkizut hemen egindako apustuagatik. Espazio hau berreskuratzea ingurumenarentzat eta bizilagunentzat mesedegarria da. Klima aldaketaren aurkako borrokaz hitz egiten dugunean egitasmo handi bati buruz ari garela dirudi, baina klima aldaketaren aurka tokiko lana egin behar da. Herri guztietan halako obrak egingo balituzte, klima aldaketaren aurkako borroka aurreratuagoa egongo litzateke».
Obrako arduraduna
Igarataundik Urtubiko lursaila goraipatu zuen. «Lehenengo aldiz Mikelekin etorri nintzen. 10 metroko tunelaren alde batean hirigunea dugu eta bestean espazio natural bat. Baratze parke hau Ekogune sareko 21.a izango da. 50 bat baratze prestatuko ditugu, autokontsumorako. Erabiltzaileek elkarte bat sortuko dute, baratzeak kudeatzeko eta Ekogunerekin izango duten harremana bideratzeko».
Haurrentzako parkea nolakoa izango den ere azaldu zuen. «Egurra, hondarra, harrixkak… izango ditu. Artisau jolasak deitzen diegu». Putzu bat ere egongo da. «Ura aire librera aterako dugu. Erreka bat eta putzu bat egingo ditugu. Egunen batean komun bat jartzen bada, horko ur zikinak putzuko landarediak garbituko ditu. Txakurren parkea itxita egongo da eta miradore bat ere egingo dugu. Izan ere, hemengo bista zoragarria da. Horretaz gain, haltzak, haritzak, pagoak… landatuko ditugu», azaldu zuen.