Urola Erdiko eta Urola Garaiko herritarrekin duen aspaldiko zorretako bat kitatzen hasteko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak: Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea egokituko du. Bi herri horien artean dauden hamahiru kilometroek berebiziko garrantzia dute eskualdearen bi aldeetara bizi diren herritarrentzat: Urola Erdiko biztanleek Zumarragako ospitalera joateko duten bide bakarra da, eta Urola Erdiko ibilgailu astunek N-1 autobidera joateko gehien erabiltzen duten bidea ere bai. Egunean, batez beste, 3.300 ibilgailu pasatzen dira handik; %10, kamioiak.
Lanak 45,5 milioi euro kostako zaizkio aldundiari, eta hiru zatitan egitea aurreikusten du, premia handiena duen eremutik hasita; hau da, Aizpurutxoko zeharbidetik. Oinezkoentzako eremua ibilgailuenetik bereizteko, bi metro zabaleko espaloia egingo dute han, eta ibaia gurutzatzeko 26 metro luzeko egurrezko igarobidea ere bai.
Auzotarrentzat, “berez, berri ona” dela uste du Mikel Labaka Aizpurutxoko bizilagunak; egiazki, sinistea kosta egiten zaio, “azken urteotan erakundeek auzoarekin zer-nolako jarrera izan duten ikusita. Ondo legoke jakitea nolako txikizioa egin nahi duten, eta, guri, oraingoz, inork ez digu ezer azaldu”.
Azpeitiarra da Labaka, baina Aizpurutxon bizi da duela dozena bat urtetik. “Botopaperak bakarrik ailegatzen dira gure buzoietara. Behar duguna eskatzeko esaten digute, eta, eskatzen diegunean, kasurik ez”. Ez dute ezinezkorik eskatzen: zebra bide bat margotzeko, herrigunetik ibilgailuak mantsoago pasatzeko neurriak hartzeko, eta haurrentzako parke bat jartzeko. “Auskalo zenbat aldiz jo dugun Azkoitiko Udalera, baina alferrik. Frontoia guk garbitzen dugu, belarra guk mozten dugu… Beste inork ez du egiten”.
Labakaren hitzetan, “ikustekoa” da auzotarrak nola iristen diren auzoko tabernara: “Bizitza arriskuan jartzen dute errepidea gurutzatu behar duten bakoitzean, ez dagoelako zebra biderik, eta errepide ertzetik oinez joan behar izaten dutelako, autoen atzerako ispiluetatik zentimetro batzuetara”. Haietako asko adinekoak direla azaldu du, 80 urtetik gorakoak. “Gugatik ez bada, gutxienez egin dezatela haienganako errespetuagatik. Badirudi zerbait pasatzeko zain daudela neurriak hartzen hasteko”. Aizpurutxo erabat baztertuta daukatela gaineratu du. “Lehen ere hogei urte behar izan zituzten auzoaren bi aldeak lotzeko zubi bat egitera etortzeko, eta goiz bakarrean egin zuten. Lotsagarria da”.
“Lehen ere hogei urte behar izan zituzten zubi bat
egitera etortzeko, eta goiz bakarrean egin zuten”
Mikel Labaka (Aizpurutxoko bizilaguna)
“Onerako izango dira lanak; egiten ari diren bitartean
sor daitekeen kaosak eragiten dit beldurrik handiena”
Amaia Errazkin (Gi-631 errepidearen erabiltzailea)
“Arazoa ez dute konponduko. Nahikoa da eskualdera
enpresa indarstu bat etortzea bide hori kolapsatzeko”
Pello Eizagirre (Gi-631 errepidearen erabiltzailea)
Aldundiak espero du urtea bukatzerako amaituko dituztela Aizpurutxon egin beharrekoak, eta gero hasiko dira bigarren zatiko lanekin. Aizpurutxotik Urretxura arteko errepidea egokituko dute orduan. Hiru gunetan hirugarren erraila egingo dute, aurreratzeak errazteko, eta zenbait bihurgune egokituko dituzte. “Ea nola moldatzen diren lanak egiteko, errepidea ezingo baitute guztiz itxi”, esan du Labakak. Urola Erdia eta Garaia lotzen dituen errepide bakarra da. Errepidea zabalik dela egin beharko dituzte lanak, beraz.
“Sekulako arindua”
Amaia Errazkin azkoitiarra da izatez, baina Azpeitian bizi da, eta Urretxun lan egiten du. Astean bost aldiz egiten du joan-etorria. Aitortu du “poztu” egin zela errepidea berrituko dutela jakitean. “Egiten dutena hoberako izango delako”. Trafiko handia izaten da eguneko zenbait garaitan. “Dudarik gabe, eguerdi partea da astunena, 14:00ak-15:00ak inguru hori”. Errazkinen arabera, kamioi asko ibiltzen da, eta zirkulazioa moteltzen dute. “Errepidea estua denez, segurtasunez aurreratzeko leku gutxi daude, eta atzetik poliki-poliki joatea tokatzen da batzuetan”. Okerrenak zama berezia daramaten ibilgailuak direla azaldu du. “Haietakoren bat egokitzen bada, pazientziaz hartu behar, ez dago beste erremediorik; ezinezkoa da aurreratzea”. Horregatik, uste du ibilbideari “sekulako arindua” emango diola zenbait zatitan hirugarren erraila ateratzeak.
Dena dela, Urretxura joan-etorrian dabilen hiru urteotan ez zaio egokitu errepidean denbora luzez geldituta egon beharreko egoerarik. “Errepidea moztu izan dute istripuen ondorioz, eta auto ilara luzeak sortu izan dira, baina ez nire parean. Errepideko lanengatik egin behar izan ditut geldialdirik luzeenak, eta, egia esan, horiek bai, nahiko sarri tokatzen zaizkit. Bestela, geldituta egon izan naiz harrobian leherketaren bat egin behar zutelako, baina, gainontzean, ez”.
Errazkin jabetuta dago Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea moldatzeko lanen zailtasunaz. Aukerak asko mugatzen ditu alde batera mendia eta bestera ibaia izateak, eta baita ibilbide bera egiteko beste biderik ez egoteak ere. “Beldurrik handiena horrexek eragiten dit: lanak egiten ari diren bitartean sor daitekeen kaosak. Dena erabiltzaileon onerako izango dela pentsatu, eta pazientziaz hartu beharko dugu”.
Errepideak hobekuntzak behar dituela uste du Pello Eizagirre Lurraldebuseko gidariak ere, “orain penagarri dago eta”. Ondo ezagutzen du bidea, Zumaia eta Zumarraga arteko zerbitzua ematea egokitzen zaionean egunean dozena erdi bat joan-etorri egin behar izaten baititu inguru horretan. Haren ustez, ordea, aldundiak esku artean duen proiektua “berehala” geldituko da txiki. “Arazoa arinduko du, bai, baina ez du konponduko. Krisiaren ondorioz, industria arloko enpresetako eguneroko jarduna asko jaitsita egon da azken urteotan, eta baita kamioien joan-etorria ere. Baina nahikoa litzateke eskualdera enpresa indartsu bat etortzea errepide hori kolapsatzeko. Hala gertatzen zen Corrugados martxan zenean”.