Urretxuko Aparizio auzoko bizilagunek fatxadak zaharberritu dituzte, udalaren laguntzarekin. Arrazoi ezberdinak medio, azken urteetan bertako bizilagunen bizi kalitateak gora egin du.
Grisa kolore tristea da eta urte askotan grisa izan da Urretxuko Aparizio auzoan nagusitu den kolorea:?Arcelor-Mittal enpresak eta trafikoak sortutako kea eta kutsadura, zerbitzu falta… Azkenaldian, ordea, zeru urdina ikusten hasi dira:?lantegia itxi egin zen, garai batean baino autobus gehiago dituzte herrigunera joateko eta supermerkatua ere badute. Hori gutxi balitz, fatxadak zaharberritu dituzte udalaren laguntzarekin. Belztuta zeuden eta urdinez margotu dituzte. Udalak 25.000 euroko diru laguntza eman du eta beste 20.000 euro erabiliko ditu barruko plazatxoa eta espaloi bat berritzeko.
Auzoa Jose Luis Apariciok eraiki zuen, Irimo erreminta enpresaren jabeak, bere langileentzat. 1950eko hamarkada amaieran heldu zirenetako batzuk bertan bizi dira oraindik. Jose Manuel Pirisek horietako hiru elkartu ditu auzoari buruz hitz egiteko: Asuncion Segura eta Emilio Santamaria senar-emazteak eta Manuel Flores.
Auzoko elkartea
Auzoko elkartean egin dugu zita. Iru-bide du izena. Izan ere, auzoa bidez inguratua dago. Elkartea dena auzoko ikastetxea izan zen. Apariciok eraiki zuen auzotarrentzat, baina hiru urte bakarrik eman zituen zabalik. Auzotarrek seme-alabak herriguneko ikastetxeetara bidaltzen zituzten eta 1978an eskola topaleku izatera pasa zen.
Egokitze lanak Santamariak eta Fernando Regorigok egin zituzten. «Lantegiko arotzen, iturginen eta margolarien arduraduna nintzen eta ikastetxean zegoenarekin eta fabrikatik hartu genuenarekin elkartea prestatu genuen». Irimon erreminta «onenak» egiten zituzten, baina arotzek ere lana zuten. «Erakusleihoetarako eta ferietarako erakustokiak, lantegirako mahaiak eta aulkiak eta moldeak egiten genituen, besteak beste».
Garai hartan Irimok ehunka langile zituen eta Apariciok etxebizitzak egin zituen beraientzat. «Alokairu merke baten truke, etxebizitza onak genituen. Forjaketa suntsiezina zen. Etxe hauek 50 urte baino gehiago dituzte eta oraindik ez da pitzadurarik azaldu».
Auzotarrak pozik bizi ziren, Orbegozo enpresak auzotik 100 metrora Kaminpeko galdategia eraiki zuen arte. «Kaminpe baserria bota eta galdategia eraiki zutenean, majo izorratu gintuzten. Kaka bota besterik ez zuten egiten. Egunero leihoko apala garbitu beharra genuen. Gauez lan egiten zuten eta goizean etxeak belztuta ageri ziren. Bizilagunok Eusko Jaurlaritzara jo genuen eta neurriak hartzeko agindu zieten, baina gauetan nahi zutena egiten zuten», oroitu du Segurak.
Leherketak
Batzuetan, txatarraren artean beste material batzuk egoten ziren eta horiek sekulako leherketak eragiten zituzten. «Azken leherketa handian, auzora txatarra zatiak erori ziren. Floresen emaztea balkoian zegoen eta hedatze-uhinak lurretik altxatu zuen», azaldu du Pirisek. «Mediku batek azterketa bat egiteko aholkatu zigun, keak gure osasuna kaltetu zuen beldur baitzen», gehitu du Floresek.
Trafikoa ere arriskutsua zen. Gurasoak seme-alabak errepidera irtengo ziren beldur ziren eta istripu larriak egon ziren. Errotonda eta semaforoak jarri zituztenetik, auzoa seguruagoa da. «Alkate hau ahal den guztia egiten ari da. Auzoa oso ondo dugu. Gauza gehiago eskatuko genituzke, baina herrian beste auzo batzuk ere badaude. Dirua denen artean banatu behar da. Alkateak pixkanaka hobekuntzak egingo dituztela agindu zuen eta hitza betetzen ari dira», dio Segurak.
Bizitzeko toki ona dela uste du. «Autobusa, supermerkatua… ditugu. Lehen herrigunera joan behar ginen erosketak egitera eta orain auzoan bertan egin ditzakegu. Bidegorria ere oso onuragarria izan da», amaitu du Segurak.