Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailak 50. urteurrena ospatuko du aurten. Primerako ekitaldi sorta antolatu dute. Egitaraua gaur arratsaldean aurkeztu dute.
Hasteko, Aldiri kiroldegian lehen bi denboraldietako jokalariak elkartu dira. Taldearen lehen urte haietaz hitz egiteaz gain, argazkiak atera dituzte.
Ondoren, udaletxean, urteurreneko egitaraua aurkeztu dute. Ekitaldian, German Monge Euskadiko federazioko lehendakariak, Leire Aranburu Gipuzkoako federazioko lehendakariordeak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute. 50 urte hauetako jokalari, entrenatzaile, delegatu eta presidenteak ere egon dira.
Horra hor urteurreneko ekitaldiak:
- Martxoak 15: Argazki erakusketa irekiko dute.
- Apirilak 5: Juanma Lopez Iturriaga eta Juan Antonio San Epifanio saskibaloi jokalari ohiekin solasaldia.
- Apirilak 6: Goierri-Ordizia derbia.
- Maiatzak 1: Urte luzetan Real Madrileko bigarren entrenatzailea izan den Angel Jareñoren ikastaroa.
- Maiatzak 11: Goierrik lagunarteko partida jokatuko du goi mailako talde baten aurka.
- Maiatzean (eguna zehaztu gabe dago): Amaia Valdemoro saskibaloi jokalari ohiaren hitzaldia.
- Ekainak 14 eta 15: 3×3 saskibaloi txapelketa.
- Ekainaren 17tik 21era: jokalari beteranoen txapelketa, Aldiri kiroldegia ireki zen arte Gernikako Arbola plazan antolatzen zirenak gogoratzeko.
- Irailak 14: FIBA2K19 txapelketa, Euskal Encounter-en eskutik.
- Urriak 12: taldearen historia jasotzen duen liburuaren aurkezpena eta bazkaria.
- Abenduak 6-8: erkidegoetako kadete eta haur mailako selekzioen txapelketa.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide