Urretxuko Udalak hainbat berrikuntza egin ditu 2018an Aldiri kiroldegian. 76.000 euro baino gehiago inbertitu ditu.
Makinak erosteko 48.000 euro erabili ditu eta bestelako materiala erosteko, berriz, 9.000 euro baino gehiago. Baloiak eta koltxonetak erosi ditu, besteak beste. Diru horrekin aldageletako materiala ere berritu du:?kaiolak, aulkiak, pertxeroak…
Gainera, udalak kantxako argiteria berritu du. Led teknologia erabiltzen duten fokuak jarri ditu. Horrekin, bi helburu lortu ditu: argiztapena hobetzea eta argindar kontsumoa txikitzea. Aurrekontua 9.300 eurokoa izan da.
Epe motzera, beste bi lan aurreikusten dira. Udalak airearen berriztapena aztertu du erabiltzaile batzuk hala eskatuta eta 10.000 euro inbertituko ditu berriztapen hori hobetzeko. Gainera, Pazko astean hezetasun eta kondentsazio arazoak dituen aldagela batean berrikuntza lanak egingo ditu. Lanak Pazko astean egingo dira erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena eragiteko.
Udalak instalazioak eta langileen baldintzak hobetzeko lanean jarraituko duela aurreratu du. 2019an 95.000 euro inbertituko dira. Diru horrekin, Aldiri kiroldegian, Ederrena pilotalekuan eta Pagoeta igerilekuan hobekuntzak egingo dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide