Igone Campos zumarragarrak ‘urte sabatikoa’ hartu du kirolean eman dezakeen maila zein den jakiteko. Oso gustura dago hartutako erabakiarekin. Aste honetan Euskal Herriko mendiko eski txapelketan parte hartuko du.
Igone Campos mendiko eskiatzaile zumarragarrak lan egiteari utzi eta eski denboraldia buru-belarri prestatzea erabaki du. Noraino hel daitekeen jakin nahi du, eta oraingoz, emaitza bikainak izaten ari dira. Espainiako txapelketan emaitza txukunak lortu ditu hiru modalitateetan: erlojuaren kontrako igoeran bigarrena izan da, eta esprintean eta banakakoan laugarrena. Sekula hartu duen erabaki onena dela dio.
Camposek Altsasuko ikastolan lan egiten zuen. «Urte bat niretzako hartu nahi nuen, mendiaz gozatzeko. 2017an urtebeterako kontratua egin zidaten eta kontratua bukatzen zenean nire nahia betetzea erabaki nuen. Gainera, iaz Euskadiko mendiko eski selekzioan aritu nintzen eta gehiago estutzeko gogoarekin gelditu nintzen».
Noraino hel daitekeen jakin nahi du. «Hemen elur gutxi egiten du eta asteburuetan bakarrik entrenatuz Espainia mailako txapelketetan maila txukuna eman nuen. Egunero elurretan entrenatzen duen jendearen mailan nengoen». Denboraldi honetan egunero elur gainean entrenatu du, eta dagoeneko fruituak jasotzen ari da. «Azaroa eta abendua Alpeetan eman nituen. Nire bizitzan lehenengoz, denboraldi-aurrea egin dut. Asko nabaritu dut. Alpeetatik itzuli nintzenetik, Jakan bizi naiz. Maiatza arte bertan egongo naiz. Iñigo Lariz mendiko eski selekzioko hautatzailea da nire prestatzailea».
Espainiako selekzioa
Baqueirako (Herrialde Katalanak) erlojuaren kontrako igoeran eta Espainiako txapelketakoan bigarren egin zuen. Asteburu honetan Euskal Herriko txapelketan parte hartuko du. Helburuetako bat Espainiako selekzioarekin Munduko txapelketara joatea da. «Aurten zaila izangoda, baina beharbada datorren urtean…». Pierra Menta proba sonatuan ere parte hartu behar du Jon Ander Aranburu bikotekidearekin.
Julbo betaurreko marka eta Dynafit eski marka dira ditu babesle. «Ez nago Dynafit taldean, baina materiala oso merke ematen didate. Eskerrak. Izan ere, egunero erabilita, materiala asko gastatzen da. Gainera, oso garestia da. Botek 1.600 euro balio dute. Mendiko lasterketetan, ordea, Dynafit taldean nago. Euskaldun bakarra naiz. Gainontzeko taldekideak kataluniarrak dira».
Izan ere, zumarragarrak mendiko lasterketetan ere parte hartzen du. Aurten, Sky Running zirkuituan parte hartuko du. «Orain arte Zegama-Aizkorri zirkuitu horretan egon da, baina aurten ez da egongo. Zegamako bertikalean dortsala daukat, iaz emaitza ona lortu bainuen. Ea maratoian parte hartzea ere lortzen dudan». Haren helburua mendiko lasterketetan geroz eta erosoago sentitzea da. «Orain arte baino maila hobea ematea da nire helburua. Mendiko lasterketak oso teknikoak dira eta mendian eroso sentitu nahi dut. Geroz eta errazago mugitu».
Erronka nagusia Monte Rosa Sky Marathon proba izango da. «4.000 metrora igotzen da. Kranpoiak behar dira, bikoteka egin behar da, lotuta joan behar da… Euskal Selekzioko Nahia Quincocesekin izena eman nuen eta curriculuma bidali genuen. Antolatzaileek parte hartzaileen artean onartu gintuzten. Proba ekainaren 22an izango da. Proba hau urteko erronka nagusia da niretzat», amaitu du zumarragarrak.