Udaberria hilabete eta erdi aurreratu da aurten. Otsaila hasieratik eguzkia da nagusi zeruan, zelaietan loreak ikusten dira, autoak lore hautsaz estalita ageri dira… Zer arraio gertatzen da? Nor da honen arduraduna? Mary Franco margolaria da arduraduna! Berak aurreratu du udaberria, kolorez eta lorez betetako bere koadroekin! Francok Kolore guztiak erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Margolari hau Extremaduran jaio zen, 1946an. Haurra zela, bere gurasoak Euskal Herrira etorri ziren. Marraztea eta antzeztea oso gustuko ditu, betidanik, baina bere aita bera oraindik umea zela hil zen eta 13 urterekin lanean hasi behar izan zen.
Irimo enpresan eta Itarte Etxean lan egin zuen. Itarte Etxean bertako erakusketak zaintzeaz eta bisitariei harrera egiteaz arduratzen zen. 50 urterekin margotzen hasi zen eta erretiroa hartu zuenean Karmakros antzerki taldean izena eman zuen. «Lehen ikastaroa Manu Muniategirekin egin nuen. Ez nintzen sagar bat marrazteko gai, urte asko baineramatzan marraztu gabe. Ikastaroak 15 eguneko iraupena zuen eta Manuk jarraitzea gomendatu zidan. Afizioa nuela eta ondo moldatzen nintzela esan zidan».
Hala, Zumarragako Arte Ederren eskolara jo zuen. Ordutik, Felix Vaqueriza, Begoña Idiakez eta Laura Zendoia izan dira bere irakasleak. Asko gustatzen zaio margotzea. «Telebista aurrean aspertu egiten naiz. Pinturak, berriz, indarberritu egiten nau. Bazkalostean margotzen dut. Konturatzen naizenerako, gaua heltzen da».
Noizean behin Zumarragako Arte Ederren eskolara joaten da oraindik. «Ikasteko, jendearekin egoteko, haurrak gozatzen ikusteko, nerabeek nondik nora jotzen duten ikusteko… oso ondo dago. Primeran pasatzen dut».
Poliki-poliki, bere grinari eta abileziari esker, Franco primerako margolaria bilakatu da. Dagoeneko hainbat herritan erakutsi ditu bere lanak: Azpeitian, Beasainen, Burgosen eta Zumarragan.
Azkeneko erakusketan zuri-beltzean margotutako koadroak erakutsi zituen. Oraingoan, berriz, kolorea da nagusi. Negua luzea egiten ari zitzaion, nonbait, eta udaberria aurreratzea erabaki du. Baita lortu ere!
Erakusketako koadro asko Burgosko Barbadillo de Herreros herrian margotu ditu. Izan ere, bere senarra bertakoa da eta etxe bat dute han. «Barbadillo Demanda mendizerran dago, Errioxa ondoan. Baratzea eta fruta arbolak ditugu: nire senarrak landareak zaintzen ditu eta nik margotu egiten ditut. Ikusten ditudan lore eta fruitu guztiak margotzen ditut: menbrilloak, sagarrak, madariak, gereziak, hortentsiak…».
Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretora udazkenean margotutako koadroak ere eraman ditu. «Udazkena ere asko gustatzen zait eta nik polita iruditzen zaidan guztia margotzeko ohitura dut. Erakusketa honetako koadroak kolore leherketak dira. Koloreak bizipoza ematen dit. Indarberritu egiten nau. Bizitza oso tristea izango litzateke dena zuria edo beltza izango balitz».
Teknikari dagokionez, oraingo honetan koadro guztiak olioz margotu ditu. Dena den, pintura akrilikoak ere asko gustatzen zaizkio. Eta hurrengo lanak akuarelarekin egingo dituela aurreratu du.
Francori antzerkia ere asko gustatzen zaio. «Antzerkiak ere indarberritu egiten nau. Antzezmotz antzerki laburren lehiaketako bigarren kanporaketa aurkeztu nuen. Horretarako, Villarejo komisarioaren rola hartu nuen. Primeran pasa nuen».
Udan, urtero, Barbadillo de Herrerosen antzerki saio bat eskaintzen du beste udatiar batekin. «Plaza bete egiten da».
Berak plaza betetzen du eta antzerkiak eta pinturak bera asebetetzen dute. Gainontzeko jubilatuei herrian antolatzen diren ikastaro eta ekintzetan parte hartzea gomendatu die. «Zumarragan eta Urretxun ekintza asko antolatzen dira. Bakoitzak gustuko duena aukeratzea besterik ez du. Ez daitezela etxean gelditu. Hori baino gauza okerragorik ez dago. Pinturaren kasuan, hasieran zirriborroak egiten dituzu eta pixkanaka geroz eta marrazki hobeak egiten dituzte. Hori oso pozgarria da».
Antzerkia ere esker onekoa dela dio. «Irudimena garatzeko, oroimena lantzeko, beldurrak galtzeko… primerakoa da. Jende askok lotuta eman du bizitza guztia, beldurrez, eta erretiroak bigarren bizitza bat hasteko aukera ematen du. Arratsalde osoa telebistaren aurrean ematea oso tristea da. Ekintzek indartu egiten zaituzte eta jendea ezagutzeko balio dute», amaitu du.
Mary, segi kolore biziko loreak margotzen, mesedez. Zure alaitasuna eta bizipoza maite ditugu eta ez dugu berriro negu hotzaren atzaparretan erori nahi!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.