Berdintasunaren iraultza gelditzeko etorri da. Ez dago jakiterik noiz lortuko den emakumezkoen eta gizonezkoen arteko erabateko berdintasuna, baina lehenago edo beranduago helduko da. Pilota mundura ere heltzen ari da. Igandean Zumarragako Beloki pilotalekuan bizi izan zen festa ikustea besterik ez da. Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak jokatu ziren eta frontoia txiki gelditu zen. Udalak Zelai Arizti aretoa ireki behar izan zuen, kanpoan gelditu zirenek ETBren zuzeneko emanaldia bertan ikusteko aukera izan zezaten.
Lehen mailako finalean, Leire Garaik eta Leire Etxanizek 22 eta 5 irabazi zieten Patri Espinar eta Miriam Arrillagari. Irabazleen asmoa Usansoloko aurrelaria jokoz kanpo uztea zen eta bete-betean lortu zuten. Oso urrutitik aritu behar izan zen erasoan eta huts asko pilatu zituen. Partida azkarregi erabaki zen:?urdinak 12 eta 0 hasi ziren irabazten. Dena den, jokoan aldea ez zen markagailuak adierazten duena bezain handia izan eta urdinek gogor lan egin behar izan zuten Arrillaga gainditzeko.
Promozio mailan, berriz, berdintasun handia egon zen. 13 urteko Etxegarai eta Oses oñatiarrek sekulako patxada eta kemena erakutsi zuten oso aurka jarri zitzaien partidari buelta emateko. Pilota jaitsiz eta euren joa baliatuz, Granado eta Lakuntza 2 eta 8 aurreratu ziren. Hernanikoak eta Adunakoak partida kontrolpean zutela zirudien, baina oñatiarrek ez zuten amore eman eta markagailua iraultzea lortu zuten. 18 eta 15 nagusitu ziren.
Oñatiko klubeko pilotariek bi sari jaso zituzten. Izan ere, partidak amaitutakoan antolakuntzak beraien klubari sari bat eman zion pilotari gehien aurkeztu duen taldea izateagatik.
Bestalde, podiumean une hunkigarri bat bizi izan zen: Patri Espinar ikurrinarekin igo zen, Bixintxo Bilbao eta Dunixe Larralderi elkartasuna adierazteko. Larraldek Kubako Mundialeko podiumean ikurriña erakusteagatik zigor handia jaso zuen eta ezin izan zuen Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu.
Aldarrikapena eta festa uztartu ziren, beraz, igandean Zumarragan. Harmailetan adin guztietako jendea elkartu zen, baina familiak ziren nagusi. Etxeko txikienak lehenbailehen emakumezkoak kirola egiten ikustera ohitzea ezinbestekoa da.
Emakumeen kirola gizonezkoena bezain ikusgarria dela jabetu behar dira. Horretarako, gizonezkoen lehiaketetan egiten den bezala, ikuskizuna erakargarria izan behar da. Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileek horretan ere asmatu dute: pantaila erraldoia, geldialdietan musika megafoniatik…
Igandean egun historikoa bizi izan zen Zumarragan. Zaila izango da Goierriko herri batek Emakume Master Cup txapelketako beste final bat hartzea. Izan ere, antolatzaileek eta pilotariek horren ondo lan egiten jarraitzen badute, aurki finalak hiriburuetan jokatu beharko dira.
Zorionak, beraz, pilotariei, antolatzaileei, Zumarragako Udalari eta Beloki pilotalekuko harmailetan elkartu ziren guztiei.