Carmina Gonzalez zumarragarraren jarrera txalotzekoa da. Emakumeek diskriminazio handia jasaten zuten garaia bizitzea suertatu zitzaion eta ez zen kikildu. Bidezkoa iruditzen ez zitzaion guztiaren aurka altxatu zen. Prakak janztzen zituen, gidatzeko baimena lortzen lehenengotakoa izan zen eta bere senarra Europa osoan zehar eraman zuen… Larunbatean abioneta batean muntatu zen lehenengoz eta aginteak hartu zituen une batez. Bere bizipoza eredugarria da.
Txangoa bere iloba Arantza Mendiak prestatu zuen. «Irungo lagun batek, Juan Monjek, bi eserlekuko abioneta bat du Irunberrin. Aspaldi nire izebari abionetan hegan egitea asko gustatuko litzaiokeela esan nion eta joan zen astean gelditzeko deitu zidan. Abionetara igotzeko orduan ez zuen zalantza izpirik agertu. Izan ere, nire izeba jostuna izan zen, baina bere ametsa pilotua izatea zen. Garai hartan emakumeek ez zuten pilotu izateko aukerarik, ordea. Larunbatean tarte txiki batean aginteak hartu eta guzti egin zuen».
Carminaren bertsioa entzuteak emakume honekiko miresmena areagotzen du. «Pilotuak hegan egiteko boluntario bat eskatu zuen eta
Benetan esaten ari al da? pentsatu nuen. Ez nuen zalantzarik izan. Pentsatu izan banu, beharbada ez nukeen egingo. Hori dela eta, erabakiak asko pentsatu gabe hartzen ditut. Dantzaldietan ere hori egiten nuen: mutil bati ez nuela dantza egin nahi esaten banion eta, hala ere, eskutik heltzen bazidan, bitan pentsatu gabe zaplazteko bat ematen nion. Hori da norbere burua defendatzeko modu onena, ala?».
Larunbatean ez zuen zaplaztekoak emateko arrazoirik eduki. Izan ere, bere bizitzako ametsetako bat betetzea lortu zuen. «Hegazkin bat pilotatzea nire ametsetako bat izan da beti. Kabina batean sartzea lortu dut, baina pilotatzea beste kontu bat da. Horretarako asko ikasi behar da. Larunbatean, pilotuak aginteak hartzea eskaini zidan. Oso une labur batez bakarrik egin nuen. Ez nago horren zoroa!».
Asko gozatu zuen. «Hegazkinetik, Esako urtegia, Leire, Pirinioak, Xabierraldia… ikusi nituen. Zoragarria izan zen. Ilusio handia egin zidan».
Zailtasunak zailtasun
Kaskoek lan handia eman zioten. «Buru txikia dut eta irrist egiten zuten. Kaskoak eusteaz arduratzen banintzen ez nuen paisaiaz gozatzen eta azkenean burutik kentzea erabaki nuen».
Dena den, kaskoak eramatea ez zen gogorrena izan. Gogorrena abionetara igotzea izan zen. Izan ere, bi eserlekuko abioneta batera igotzea oporretara joateko hartzen ditugun hegazkinetara igotzea baino askoz ere zailagoa da. Gainera, Carminak 95 urte ditu. «Ai, ama… Zein gaizki pasa nuen… Izan ere, abioneta hauek ez dute aterik. Hegotik igo behar da. Hegora igotzeko ipurdia hegoan jarri behar izan nuen. Eta ondoren, 25 bat zentimetroko koska gainditu behar izan nuen abionetan sartzeko. 17 urte dituenarentzat, beharbada, ez da oso zaila izango. Baina 95 urte ditugunontzat…». Zaila bai, baina ezinezkoa ez. Carminarentzat ezer ez da ezinezkoa.