Urretxu-Zumarraga ikastolako 1. Batxilergoko ikasleek turismo feria egin zuten atzo Ederrena pilotalekuan, ikasbidaian nora joan erabakitzeko. Ferian zazpi postu zeuden eta bakoitzean hiri bati buruzko informazioa. Feriatik 1. Batxilergoko eta 4. DBHko ikasleak eta irakasleak pasa ziren eta ondoren botoa eman zuten. Boto gehien lortu zuen hiria Praga izan zen. Hala, 1. Batxilergoko ikasleak Pragara joan dira irailean.
Ikastolen Federazioak proiektu praktikoak garatuz lan egitea aholkatzen du eta irakasleek formazioa jaso zuten. Ikasturte honetan aipatutako egitasmoa garatu dute. Ikasleek zazpi taldetan banatuta lan egin dute. Irakasleek hamaika hiri proposatu zizkieten eta talde bakoitzak bat aukeratu zuen. Ondoren, hiru orduko hiru saio, bi orduko bi eta feria egin dituzte. Ferian talde bakoitzak bere hiriari buruzko informazioa eskaini zuen. Zazpi hiriak Berlin, Porto, Lisboa, Erroma, Praga eta Budapest ziren.
Ondoren, bakoitzak gehien gustatu zitzaion eskaintzaren aldeko botoa eman zuen. Bozketan 4. DBHko ikasleek (datorren urtean beraiek joango dira ikasbidaira) eta irakasleek ere parte hartu zuten. 1. Batxilergoko ikasleen botoek %70 balio zuten, irakasleenak %20 eta 4. DBHkoenak %10. Guztiak feriatik pasa ziren, noski.
1. Batxilergoko ikasleek gogor lan egin dute. Egitasmo honetan marrazketa tekniko, ekonomia, gaztelania eta ingeles eskoletan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eduki dute. Talde bakoitzak bospasei eguneko bidai bat prestatu du. Prezioa 500 eurokoa izan behar zen, gehienez. Postuak prestatu dituzte (banderak, pintxoak tokian tokiko jakiekin, muralak, mahaiak…), aurkezpena landu behar izan dute, hirietako erakunde eta enpresekin ingelesez komunikatu beharra izan dute, aurrekontuak prestatu, bisita gidatuak antolatu, hegaldiak kontsultatu…