Hiru aizkolari eta korrikalari bat: herri kirol desafioa egin dute Zumarragako Eitzako jaietan. Odei Ezpeleta eta Elorriaga II.-a aizkolariak, Elorriaga I.aren aurka aritu dira lehenik; segidan, bi aizkolari gazteak Alberto Fernandez korrikalariaren aurka egin dute desafioa. Eitza tabernaren 10. urteurrena dela eta antolatu dute ikuskizuna, eta tabernaren beraren kanpoaldean aritu dira kirolariak lehian. Horretaz gain, beste hainbat ekitaldi ere egin dituzte Eitzako jaiei amaiera emateko.
Goizean, diana jo dute eta meza egin dute bertako ermitan: Goiargi abesbatza arduratu da ekitaldia girotzeaz. 12:30ean Irrintzi taldeko dantzariek dantza egin dute pilotalekuan, eta 13:00etan Zumarragako bandak kalejira egin du. Arratsaldean ere, beste hainbeste: musikaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera izan dute auzoko bizilagunek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide