Joxean Jaritek (Urretxu, 1957) Zumarragako Udaltzaingoan lan egin du 28 urtez. Duela gutxi hartu du erretiroa. Azken hiru hamarkada hauetan lanbidea asko aldatu dela dio.
Nondik nora ibili zara lanean?
Batxilergoa utzi eta lanean hasi nintzen, Madayan. Ondoren, udaletxean sartu nintzen. Hainbat lan egin nituen. Udaltzain posturako oposizioak egin behar zituztela jakin nuenean, aurkeztea erabaki nuen. 1990ean lortu nuen udaltzain postua.
Asko aldatu al da lanbidea 29 urte hauetan?
Gure garaian gauzak ezberdinak ziren. Guk egin genituen oposizioak egungoen ezberdinak ziren. Egungo prestakuntza hobea da. Probak gogorragoak dira. Udaltzain izan nahi dutenek Arkautetik pasa beharra dute. Horrek ondorioak dakartza. Udaltzaingoa beste era batera ikusten da. Filosofia aldatu egin da.
Lanbide lasaiagoa al zen lehen?
Beti zegoen zerbait, baina jendearekin harreman estuagoa genuen. Izan ere, gehienak herrikoak ginen. Egun, kanpoko jendea etortzen da. Hori dela eta, udaltzainen eta herritarren arteko harremana ez da horren estua.
Egun Udaltzaingoak poliziaren antza handiagoa duela esan al daiteke?
Baliteke. Udaltzaingoak lehen baino funtzio gehiago ditu. Lehen Ertzaintzarekin hitzarmen bat genuen eta herri barruko istripuez ere beraiek arduratzen ziren. Duela 30 urte, herriko gune ezberdinak zaintzeaz arduratzen ginen batez ere. Oinez eta bakarrik mugitzen ginen. Egun binaka mugitzen dira eta autoa erabiltzen dute. Bestalde, trafikoa erregulatzen denbora asko ematen genuen. Bidegurutze askotan egoten ginen. Egun ikastetxeetako sarrerak eta irteerak zaintzen dituzte batez ere.
Etzi hauteskundeak dira. Zein izaten da udaltzainen lana?
Hauteslekuak zaintzea. Zumarragan ez dugu sekula gertakari larririk izan.
Egun lanbide arriskutsuagoa da?
Beharbada bai. Gizartea aldatu egin da, hori ezin da ukatu.
Zer diozu isunei buruz?
Salaketen helburua gauzak ondo egitera behartzea izan behar da eta ez dirua lortzea. Autoa gaizki aparkatzen duenari salaketa jarri behar zaio, baina ez dirua lortzeko, baizik eta ez duela gaizki aparkatu behar ikasi dezan. Lehen herria oinez kontrolatzen genuen eta horri esker jendearekin hitz egiten genuen. Herritarren eskaerak udaletxean aurkezteko balio zuen.
Gustuko lana izan al duzu?
Bai. Nire lana ahalik eta ondoen betetzen saiatu naiz, baina sekula ez dut polizia izateko grinarik izan. Lana behar nuelako sartu nintzen Udaltzaingoan eta ondoren lana gustukoa izan dut. Batez ere, jendearekin harreman estua nuelako. Batzuk bere arazoak kontatzen zizkidaten eta beti laguntzen saiatzen nintzen. Polizia lana ez zait horrenbeste gustatu. Bestalde, ez dut uste hedabide batean ateratzeko meritu berezirik egin dudanik. Nire egoeran beste asko daude, lanbide guztietan. Zortea izan dut eta gazte jubilatu ahal izan naiz. Beste askok ere merezi dute eta ez dute lortu.
Nola ikusten duzu Udaltzaingoen etorkizuna?
Udalek ez dute Udaltzaingo indartsu bat mantentzeko behar den bezainbeste diru eta udaltzain gutxirekin lan asko egin behar dira. Udalek langile kopurua handitu edo betebehar kopuruaren inguruan hausnartu beharko lukete, egiten dena ondo egin dadin. Zumarragan eta Urretxun azkenaldian lapurreta asko egon dira eta merkatariek zaintza eskatu dute, baina Ertzaintzaren komisaria Bergarara eraman zuten, Udaltzaingoak ezin du gauez lan egin langile gutxi dituelako…