Larunbatean Xabier Ormazabalen oroimenezko Mendi Festa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan.
Urteroko moduan, adin guztikoentzako ekitaldiak egongo dira. 11:00etatik 14:00etara, nahi duten guztiek eskalada egiteko aukera edukiko dute. Gainera, haurrentzako tailerrak egongo dira.
Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eskalatzaileek desafio batean parte hartuko dute. Belaunaldi ezberdinetako eskalatzaileek parte hartuko dute.
Gipuzkoako taldea David eta Eneko Carreterok, Ane Mujikak eta Haizea Osesek osatuko dute; Bizkaikoa Ane Hernanik, Gotzon Gardezabalek eta Aitziber eta Martin Urrutiak; Arabakoa Happyk, Mikel Inorizak, Zuriñe Arruek eta Irati Zabalak eta Nafarroakoa Ilargik, Jon Lazkozek, Zaidak eta Zilbetik.
20:00etan Labeaga aretora joango dira. Bertan, mokadutxoa egingo dute. Ondoren, 20:30ean, mendiari buruzko hiru ikus-entzunezko emango dituzte: Marierrauskin, Escalando la vida eta G4.
Marierrauskin Urretxuko Gattiken ekoiztetxeak egin du eta Durangoko lehiaketa irabazi du. Escalando la vida Jose Antonio Mulasen ibilbideari eta filosofiari buruzkoa da eta G4 duela bi urteko Xabier Ormazabal beka deialdia irabazi zuen Iker Madozena da. Beka horri esker, Madozek bere egitasmoa aurrera atera ahal izan zuen. Pirinioetan hasi zen eta Alpeetatik eta Perutik pasa ondoren, G4an bukatu zuen.
Xabier Ormazabal beka
Ikus-entzunezko horiek emateaz gain, beka aurkeztuko dute. Beka hori bi urtean behin ematen da eta 2.500 eurokoa da. 24 urte edo gutxiago dituzten mendizaleentzat da. Izan ere, Ormazabalek 24 urte zituen hil zenean.
Bekaren helburua gazteei laguntzea eta mendiarekin lotutako kalitatezko egitasmoak bultzatzea da: eskalada, alpinismoa, gidak eta liburuak, ikus-entzunezkoak, materialarekin lotutako hobekuntzak…
Eskaerak Urretxuko udaletxean aurkeztu behar dira. Horretarako epea asteartean irekiko da eta datorren urteko otsailaren 28an itxi.
Andoni Ormazabalek, Xabier zenaren anaiak, herritar guztiak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu. Eta gazteei beka deialdira aurkezteko gonbita luzatu die. «Gure helburua Xabi gogoratzea eta gazteek nor zen jakitea da. Berak Takolo beka lortu zuen (hari esker Elurretako lehoinabarra egitasmoa bukatu ahal izan zuen) eta ez dut sekula ahaztuko zein pozik itzuli zen etxera. Beste gazte batzuk poztasun hori sentitzea nahi dugu», amaitu du.