Urretxuko Aniztasun jaia inoiz baino anitzagoa izaten ari da. Gernikako Arbola plaza musikaz, usainez, kolorez eta jendez beteta dago gaur. Urretxun bizi diren jatorri ezberdinetako kolektiboek nork bere postua jarri du eta jatekoak banatzen ari dira: Nikaragua, Ekuatore Ginea, Argentina, Senegal eta Txina, besteak beste. Lehenengo aldia da Txinan jatorria duen urretxuar komunitatea festara batzen dela. Pakistandarrak ere badaude eta Urdu-Euskara oinarrizko hiztegi txiki bat eskura jarri dute. Tailer eta jolas asko dago aukeran. Jaia Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatu du. Azken urteetan urtero-urtero egiten dute, aurten izena aldatu eta kultur arteko jaiaren ordez, aniztasun jaiaren izena jarri diote. Monica Leiva mahaiaren dinamizatzailea eta festaren antolaketaren hauspoa pozik agertu da inguruan zuen jendetza ikusita, areago jendearen poza sumatuta, “hau arrakasta da”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide