Balentin Tramon historia irakasleak Miguel Lopez de Legazpi. Urrea, ohorea eta ebangelioa liburuxka idatzi du, Filipinak konkistatu zituen zumarragarraren figura desmitifikatzeko. Lan hau KKinzona komunikazio taldeak argitaratu du eta gaur arratsaldean aurkeztu dute, Legazpiren estatuaren azpian.
Tramoni lotsagarria iruditzen zaio konkistatzaile bat herri erdian edukitzea. Horregatik idatzi du ipuin biografiko hau. Istorioa 1572an hasten da, Lopez de Legazpi hil zen egunean. Hilzorian dagoela, bere bizitzaren errepasoa egiten du. Liburuxkak oinarri historikoa du. Tramonek Jon Urtzelairen eta Aritz Ormazabalen laguntzarekin argitaratu du.
Aurkezpenean Tramonek eta Urtzelaik parte hartu dute. Urtzelaik historia berrinterpretatzeko eta kontestualizatzeko ahalegin bat dela esan du. “Herriko gauzei oihartzuna eman nahi diegu eta lan hau opari bat da. Estatua egunero ikusten dugu eta ez diogu jaramonik egiten. Lan honek hautsak arrotzeko balioko du eta hori positiboa da”.
Tramonek orain arte konkistaren apologia egin dela salatu du. “Liburuxkaren hasieran Euskal Herrian bizi zen giroa azaltzen dut, apenas ezagutzen baitugu gure historia. Zorionez, azkenaldian batzuk lan ederrak egiten ari dira. Nabarraldekoek, adibidez”.
Elkanoren balentriaren inguruan Estatu espainiarra “numeritoa” egiten ari dela eta Legazpiren inguruan konkistaren apologia eta genozidioaren ezkutatzea egiten dela salatu du. “Barkamena eskatu beharko luketela esaten zaienean, sutan jartzen dira”.
Lopez de Legazpiren estatua 1897an jarri izana ez dela kasualitatea esan du. “Garai hartan, Puerto Rico eta Filipinak independentziaren alde borrokatzen ari ziren”.