Larunbatean Musti Taldeak Santi Zabaleta omenduko du, Musti Mujikaren oroimenezko txapelketan. Zabaleta, Musti Taldeko lehendakaria, maiatzean hil zen.
Zabaleta Real zale eredugarria izan zen: Realaren historiako partida garrantzitsu asko zuzenean ikusi zituen (Xixongoa, adibidez), 44 urtez bazkide izan zen, Musti Taldeko lehendakaria izan zen eta sekula ez zuen hitz txarrik jokalarientzat. Bazekiten beti zale leial honen babesa izango zutela.
Jokalariak beti animatzen zituen: une onetan zein txarretan. «Ez naiz inoiz jokalariekin haserretzen. Beti defendatzen ditut. Realak beti irabaztea nahi dugu, baina hori ez da erraza. Jokalariek ahal duten guztia egiten dute. Batzuk lo egoten direla esaten dute, baina aurkariak ere jokatzen du. Lehen mailan denek ondo jokatzen dute», esan zuen hil baino hilabete eta erdi lehenago eman zuen elkarrizketa batean.
Realak beti oso jokalari onak izan dituela uste zuen. «Satrustegi, Lopez Ufarte… garai hartako ia denak oso onak ziren. Aldridge, Atkinson, Kodro, Oceano, Carlos Xavier, Xabi Alonso… Jokalari on asko eduki ditugu. Egungoen artean onena, nire ustez, Mikel Oiartzabal da», aipatu zuen.
Baina bere jokalari kuttuna Musti Mujika izan zen, noski. Zabaletaren semea, Iker, txirrindularia izan zen eta istripu larri bat izan zuen. Zabaletak oso gogoan zuen une latz haietan Mustik Ikerri eta bere senitartekoei eskaini zien babesa. «Oso jokalari ona zen eta bere taldekideek bere jatortasuna estimu handian zuten. Oso mutil ona zela esaten dute guztiek. Nire semeak istripu bat izan zuen bizikletarekin eta hiru hilabete eman zituen Gasteizko ospitalean. Garai hartan Mustik Alavesen jokatzen zuen eta egunero-egunero joaten zen bisitatzera. Batzuetan taldekideak eramaten zituen berarekin. Eskertzekoa da, semeak istripu larria izan baitzuen eta oso une txarrean gainera: profesional mailara salto egin behar zuenean».
Larunbat honetan Musti Taldeko kideek biak gogoratuko ditu: Zumarragako jokalaria eta beraien lehendakaria izan zena. Ekitaldia 11:30ean izango da, Argixao futbol zelaian.
Hasteko, Realeko eta Urolako beteranoek futbol partida jokatuko dute. Realaren historiako jokalari onenetako batzuk etorriko dira. Loinaz, Periko Alonso, Lopez Ufarte, Gorriz, Iriarte, Orbegozo eta Fuentes, besteak beste.
Partidaren ondoren, garaikurrak banatuko dituzte eta Mujika eta Zabaleta omenduko dituzte. Musti Taldeko kideek Santi Zabaleta saria sortu dute, lehendakaria zutena gogoratzeko. Aurten Realaren neska taldeari emango diote, Erreginaren Kopa irabazi duelako. Jokalariak oporretan daude eta saria Garbiñe Etxeberria taldeko kirol zuzendariak jasoko du.
Musti Taldeak urretxuar eta zumarragar guztiei larunbatean Argixaora joateko gonbita luzatu die.