Urteroko moduan, urretxuarrek Santa Barbaran ospatu zuten San Joan eguna. Aurten San Joan eguna astelehena izan da, baina eguraldi bikaina egin zuenez, jende asko elkartu zen.
Udal ordezkariak txistulariekin eta dantzariekin igo ziren Santa Barbarara. Bertan, Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariak zituzten zain. Deialdiaren ondoren, baselizara sartu ziren. Mezan, ohiturari jarraituz, loreak bedeinkatu zituzten.
Meza ondoren, Lurra taldekoek dantza saioa egin zuten eta Irimora Igoerari hasiera eman zitzaion. 39. edizio hau ere oso arrakastatsua izan da. Gizonezkoen artean Beñat Katarain nagusitu zen. 14 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Irimora igo eta bertatik Santa Barbarara jaisteko. Bigarren postuan Mikel Zabalegi ordiziarra sailkatu zen eta hirugarrenean, Iñaki Goenaga soraluzetarra.
Emakumezko onena Ainhoa Sanz urretxuarra izan zen. 17 minutu eta 20 segundo bakarrik behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren postuan Ainhoa Unanue urretxuarra sailkatu zen eta hirugarrenean, Lurdes Basterretxea elorriarra.
Beteranoei dagokienez, gizonezkoen artean garailea Jexux Zelaia azpeitiarra izan zen. Bigarrena eta hirugarrena urretxuarrak izan ziren: Jon Otermin eta Egoitz Asurabarrena. Jose Luis Elgarresta urretxuarra parte hartzaile guztien artean beteranoena izan zen, 66 urterekin.
Emakumezkoen artean, beterano onenak Basterretxea, Alazne Irureta aizarnazabaldarra eta Diana Draper ezkiotarra izan ziren. Eukene Biain korrikalari urretxuarra laugarren postuan sailkatu zen.
Gaztetxo onenak (2005etik 2006ra jaioak) Aratz Diaz de Espada, Josu Zelaia eta Oinatz Urbegain izan ziren. Gazte bakar bat aritu zen (2003an eta 2004an jaioak): Dima Segura.
Sari banaketaren ondoren, herri kirol saioa egon zen. Urretxuko giza probako taldeak auzokideen aurka neurtu zituen indarrak. Bazkalostean, haur eta gaztetxoentzako jolasak eta erromeria egon ziren. Erromeriaren barruan irrintzi txapelketa egin zuten.
Santa Barbarako ekitaldiekin bukatzeko, partaide guztiak elkartu egin ziren eta herrirainoko bidea elkarrekin egin zuten, dantzan eta saltoka. Herrian, Areizaga-Kalebarren plazan, Zu Dantzaz eta Jeiki Hadi taldeekin erromeria egin zuten.