Zumarragak plaza dotorea du. Lau aldeetan arkupeak ditu eta tamaina ederrekoa da. Seguru aski, Zumarragaren tamainako herri bati dagokiona baino handiagoa da. Baina horrek berak kezka eragiten du zumarragar batzuengan. Askok plazari bizia falta zaiola uste dute. Behar baino gutxiago erabiltzen dela. Eguneko ordu askotan hutsik egoten dela. Badira, ordea, plazari merezi duen zukua ateratzen dakiten herritar batzuk: haurrak.
Areizaga-Kalebarren plaza emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko ekitaldien bilgune bihurtu da, eta mugimendu feministako kideek Emakumeen Plaza izena eman diote. Zumarragako Euskadi plazari, berriz, Haurren Plaza izena eman dakioke.
Haur askok baserritarren azokako gunean jolasteko ohitura dute, euria egiten duenean ez baitira bustitzen eta eguzkiak gogor berotzen duenean itzala baitute. Zumarragako plazako tabernak ostiraletan pintxopotea egiten hasi ziren, eta pintxopote horrek indar handia hartu du. Izan ere, haurrek jolasteko toki asko dute. Eta gurasoak lasai egon daitezke berriketan, toki segurua baita. Ostiraletan plaza haurrez gainezka egoten da.
Atzo ere hala egon zen. Santa Isabel jaien atarian gaude eta Zumarragako Udalak, urteroko moduan, haur parkea jarri zuen plazan. Arratsaldean, puzgarriekin eta txu-txu trenarekin batera, apar festa egon zen. Parkea gaur eta bihar ere irekiko dute: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Apar festa, berriz, 18:30ean izango da.
Herritar batzuk Lopez de Legazpiren estatua kendu beharko litzatekeela uste dute. Bere ordez Pirritx, Porrotx eta Marimototsena jarri beharko ote litzateke?