Egunotako beroak bere alde txarrak ditu, baina festarako primerakoa da. Bero honekin, zer hobe lastozko kapela eta praka motzak jantzi eta Santa Isabel jaiez gozatzea baino? Haurrak Euskadi plazako parkeaz gozatzen ari dira, terrazak jendez gainezka daude… Has dadila festa!
Haur parkea gaur ere irekiko dute: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Gainera, 18:30ean apar-festa egingo dute. Guraso batek baino gehiagok, haurraren bila joatearen aitzakiarekin, gustura asko sartu zituen herenegun eta atzo hankak aparretan!
Gaur, haur parkeaz gain, Paco de Miguel zumarragarraren erakusketaren inaugurazioa egongo da. Antioko interpretazio zentroan izango da, 19:00etan. Antio ere ez da toki txarra beroari aurre egiteko!
Pregoilariak
Biharko protagonista nagusiak, berriz, Zumarragako Musika Bandakoak izango dira. Izan ere, banda 150. urteurrena ospatzen ari da. Ibon Elgarresta bandako lehendakariak pregoia irakurtzea «ohorea» dela esan du. «Oraindik ez dugu pregoia idatzi. Dena den, bi hitz esango ditugu. Herriari eskerrak emango dizkiogu. Izan ere, bandak 150 urte iraun baditu, musikariengatik ez ezik, herriak nahi izan duelako da».
Nahi izango ez du ba! Banda Zumarragako sinboloetako bat da eta herritarrak oso harro daude beraien musikariez. Hala, bandak ekitaldi garrantzitsu guztietan parte hartzen du eta festetan ere protagonismo handia izaten du. Aurten ere hala izango da.
Bihar, 19:00etan, kalejira egingo dute. Ondoren, urtero bezala, Zumardi elkartean afalduko dute. Afarian Jose Migel Laskurain taldekidea omenduko dute. Zumardi elkarteari eta Zumarragako Udalari ere oroigarriak emango dizkiete, beraien laguntzagatik. 23:00etan, urtero bezala, danborradan parte hartuko dute. Plazan Zumarragako ereserkia joko dute eta ondoren pregoia irakurri. Pregoiaren ostean, bandaren ereserkia estreinatuko dute. Laskurainek konposatu du.
Igandean beste bi aldiz joko dute: 17:30ean haur danborradan eta gauerdian, Euskadi plazan, Gozategi taldearekin. Kontzertu hau bandaren 150. urteurreneko programaren barne antolatu dute. Orioko taldearen hamalau kanta joko dituzte. Horien artean, ezagunenak.
Astelehenetik aurrera, bandako uniformea etxean utzi eta askatasun osoz gozatu ahal izango dute jaiez. Beraientzat ere egun handia Santa Isabel eguna izango da, noski. Egun horretan, urteroko moduan, ezpata-dantzariak izango dira protagonista nagusiak.
Irrintzi taldeko dantzariek aukeratu dituzte jada aurtengo lau kapitainak: Joseba Arratibel, Nekane eta Josune Martin ahizpak eta Paula Urteaga izango dira kapitainak. Arratibelek eta Urteagak lehenengoz egingo dute kapitain lana. Martin ahizpek, berriz, lehenengoz kointzidituko dute kapitain lanetan.