Aritz Egea urretxuarrak Iñaki Maiorak 1978an jarritako marka ondu du. Urretxuarrak 1.26:28ko denbora behar izan du Ordizia-Txindoki-Ordizia ibilbidea osatzeko, Maiorak baino minutu eta 20 segundu gutxiago.
Gorakoan egin du partzialik onena Egeak, eta Txindoki gainera iritsi denerako, 3 minutu eta 21 segunduko aldea zeraman. Bazekien ordea, beherakoan Maiorak egindako denbora ontzea oso zaila izango zela. Korrikako zatian, Larraitzera arte 2 minutu eta 42 segundu galdu ditu Maiorarekiko, baina bizikletan atzera ere errekuperatu egin du, ia minutu bat.
Jendetza bildu da Ordizian eta baita ibilbidean zehar ere, proba jarraitzeko. Egeak denei eskerrak eman dizkie, probaren amaieran. Proba aurretik egin zuten Rezola eta Maiora izan ditu gogoan, eta baita Alejandro Egea aitona ere. Bukaeran, Maiorak jantzi dio txapela Egeari, erreleboa irudikatuz. Tximista sagardotegiak, bere pisua sagardotan eman dio korrikalari urretxuarrari; 62 kilo pisatu ditu proba amaitu berritan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide