Gipuzkoako 21 udalek bat egin dute dagoeneko Kutxa Ekogunearen Baratze Parke Sarea egitasmoarekin. Izan ere, barazkigintza oso jarduera gomendagarria da: osasunarentzat eta ingurumenarentzat mesedegarria izateaz gain, herrigintzari bultzadatxoa ematen dio. Baratzeetan herritarrek elkar ezagutzen dute eta elkarri laguntzen diote. Baratze Parke Sarearekin bat egin duen azken herria Zumarraga da. Erabiltzaileak oso gustura ageri dira ekimenarekin.
Zumarragako baratzeetan udaberrian hasi ziren lanean eta dagoeneko itxura bikaina dute. Atzo goizean hurbildu zenetako bat Pedro Criado da. 43 urte ditu eta landareak betidanik ditu gustuko. Hala, baratzeen berri izan zuenean izena ematea erabaki zuen. «Baratzean zerbak, letxugak, pepinoak, kalabazak… jarri ditut. Gainera, lagun bati laguntzen diot».
Azken hilabeteetan asko ikasi du. Kutxa Ekoguneak antolatutako ikastaroan parte hartu du, Internet baliatu du eta ingurukoengandik ikasi du. «Lurra oso gaizki zegoen eta harri asko kendu behar izan ditugu. Hasieran gogor lan egin behar da, baina oso lan atsegina da. Batez ere, egunotan. Izan ere, uzta jasotzeko garaia heldu da. Lanak fruituak ematen dituela ikustea oso pozgarria da. Piperrek, pepinoek, kalabazinek… ez dute lan handirik ematen. Tomateek lan gehiago ematen dute, zomorroengatik».
Egindako lanari eta ingurukoen laguntzari esker, barazki bikainak lortu ditu. «Egunero etortzen naiz. Giroa oso ona da. Elkarri laguntzen diogu eta nor- baitek arazoren bat badu, berehala gainontzekoei horren berri ematen die».
«Hasieran oso gogor lan egin
behar da, baina oso lan atsegina da»
Pedro Criado (erabiltzailea)
«Dagoeneko denok elkar ezagutzen
dugu eta elkar laguntzen dugu»
Julian Moratinos (erabiltzailea)
Criadok, goizeko lana bukatu ondoren, erremintak uztera abiatu zen. Bidean Julian Moratinos eta Rafa Nuñez erabiltzaileekin topo egin zuen. Horiek ere oso gustura daude. Moratinosek 67 urte ditu. «Baserrian baratzea dut eta beti oso gustuko izan dut. Baratze hau semeak eta errainak hartu dute eta nik lagundu egiten diet. Tomateak, azak… denetik pixka bat dugu. Dagoeneko udakoa jasotzen ari gara negukoarekin hasteko. Ekimen polita da. Denbora pasatzeko balio du eta oso giro ona dugu. Dagoeneko denok elkar ezagutzen dugu eta elkarri laguntzen diogu».
Nuñez iritzi berekoa da. «Giroa bikaina da. Niri ere aspalditik gustatzen zait barazkigintza. Gabiriako ostatuan lan egin nuen eta bertan baratzea genuen. Barazkigintzak ez du sekretu handirik: egunero etorri behar da baratzea zaintzera. Hodei semearekin eta Haizea alabarekin etortzen naiz. Tomateak, zerbak, porruak, piperrak, brokolia… ditugu».
Beasainen, Ordizian eta Zegaman ere Kutxa Ekogunearen baratze parkeak dituzte. Parke horiek hainbat helburu dituzte: bertako produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea, aisialdi aktiboa suspertzea, naturarekiko errespetua bultzatzea, gizarteko talde ezberdinen eta belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko hartu-emana sustatzea, euskarari eta euskal kulturari arnasgune bat ematea, hizkuntz aniztasunaren onurak ezagutzera ematea, gozatzea, ikastea eta auzolanean aritzea.
Kutxa Ekoguneak baratzean lan egiteko beharrezkoak diren erreminta guztiak erabiltzaileen esku jartzen ditu. Gainera, ikastaroak eta jardunaldiak antolatzen ditu eta webgune bat eta buletin bat ditu. Baratzeek 30 metro koadroko dituzte eta bertako produktuak autokontsumorako dira. Ezin dira saldu.
Urtubiko parkea
Baratze parkea Urtubiko 17.000 metro koadroko lursail batean egin dute. Lursail horren behealdean Txurruka kalea dago eta goialdean Urtubiko etxeak daude. Aldundiak eta Zumarragako Udalak parke handi bat egin dute bertan. Baratzeez gain, txakurrentzako eta haurrentzako parkeak, miradore bat eta bi putzu egin dituzte eta haltzak, haritzak eta pagoak landatu dituzte. Bestalde, ura aire librera atera dute eta erreka bat eta bi putzu egin dituzte. Zumarragarrek arnasgune paregabea dute herrigunean bertan.