Kirolzale enpresak Zumarragako pilota eskolaren ardura hartu du
Urtebete itxita egon ondoren, Zumarragako pilota eskolak ateak irekiko ditu berriro. Horretarako, Zumarragako Udalak Kirolzalerekin hitzarmena sinatu du. Herriko enpresa hau arduratuko da Beloki pilotalekuko pilota eskolaz.
Zumarragako pilota eskolan izena eman nahi dutenek info@kirolzale.eus helbide elektronikora mezu bat bidali behar dute edo bi telefono zenbaki hauetako batera deitu: 943 10 68 52 edo 687 63 95 51.
Pilota eskolako entrenamenduak urrian hasiko dira eta ordaindu beharreko kuota hilean 25 eurokoa izango da (BEZ barne).
Zumarragako Beloki pilotalekuko pilota ikasleek hilabete batez proba egiteko aukera izango dute, doan. Proba egiten duten haur eta gaztetxo guztiek kamiseta bat eta pilota bat jasoko dituzte opari gisa.
Kirolzale enpresaren helburua ikasleek pilotan jokatzen ikastea da. Horretarako, entrenamendu dinamikoak egingo dituzte eta ikasleei pilota partidak jokatzeko aukera emango diete.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide