Urretxuko Santa Anastasia jaietako larunbat goiza gori joan da, bai giroz zein eguraldiz. Goizean goizetik Abelgorrien erakusketa-lehiaketa egon da Abenida berrian, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariek girotuta. Urretxuko baserrietako bi dozena abelburuek bereganatu dute urretxuarren arreta, baita batek bereziki: Donardegi baserriko ‘Nahi duena’ bigak. 2017ko martxoaren 1an 46 kilorekin jaioa, Gipuzkoako eta Espainiako lehen sariak lortua da berriki.
Haren pisua asmatu beharra zegoen, baina kilotan pasatu gabe. Ordubatetarako minutu gutxiren falta sartu dute baskulan: 941 kilo. Lau lagunek 940 kiloko pisua esana zuten, eta zozketa egin ondoren, Luka Etxanizek jaso du Bertatik Bertarako produktuen saskia. Aurrez, abere lehiaketako sariak banatu dituzte (behean sailkapena). Tarte horretan, ume eta gaztetxoak bigantxekin jolasean aritu dira San Martin plazan. Ekitaldiok amaituta, Haatik dantza konpainiaren bertso eta dantza ikuskizuna hasi da Gernikako Arbola plazan.
Abelgorrien lehiaketa
Bost multzotan banatuta, 24 buru aurkeztu dira guztira. Honakoak izan dira sarituak. Diplomak eta intseminazio bat jaso dituzte saritzat:
- Limousinak (8 buru). Irabazlea: Donardegi (Maria Lourdes Mintegi)
- Frisoiak (4 buru). Irabazlea: Agerre (Iñaki Sasieta)
- Mestizoak (4 buru). Irabazlea: Iturbe behekoa (Miren Gurutze Zubeldia)
- Alpino arreak (6 buru). Irabazlea: Beain (Milagros Aranburu)
- Asturiarrak (2 buru). Irabazlea: Larrea (Jose Murua)
Iluntzea, bete-betea
Gernikako Arbola plazako karpa izango da arratsalde-iluntzeko beste arretagunea. 43. Gastronomia Lehiaketa jokatuko dute, eta partaideen txerri masailak saltsan prestatu beharko dituzte. Sariak 21:00etan banatuko dituzte. Bost itzainen idien probak ikusteko aukera ere izango da San Martin-Barrenkalen (17:00-19:30); Iparragirre plazan Txistularien Alardea izango da ondoren (19:30); eta gauean, 23:00etan hasita, Su Ta Gar taldeak egingo du kontzertua. Txosnetan ere kontzertuak izango dira.