Juanlu Escudero aktore zumarragarraren
Jensen report. El ultimo hombre de ETA filma emango dute bihar, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Pelikula hau Manuel Macia i Vila kataluniarrak idatzi eta zuzendu du. Protagonista Pedro Alzola (Juanlu Escudero) izeneko gizon bat da. ETAko kide ohi honek 30 urte daramatza desagertuta eta ez daki Espainiako inteligentzia zerbitzuek bera atxilotzeko interesik duten ala ez. Ziurtzat jotzen duena ETA erakundeak bazter utzi duela da.
Alzolak baten batek entzutea nahi du, eta Anika Jensen (Dina Rosenmeier) kazetaria bera elkarrizketatzera bidaliko dute. Jensen-ek munstro bat elkarrizketatzera doala uste du, baina elkarrizketa amaitu ondoren, terrorismoari buruzko kontzeptua berraztertu beharko du.
Bizikidetza
Elkarrizketan, Alzolak ETArekiko loturaz eta kide izatera bultzatu zuten arrazoiez hitz egingo du. Gure historian mugarri izan diren gertaerak izango ditu mintzagai. Kazetariaren galderak zuzenak dira eta itzulingururik gabe eginak daude. Erantzunak gisa berekoak dira. Badaude ere erantzunik gabeko galderak.
Escudero oso gustura dago egindako lanarekin. «Dina Rosenmeier aktore eta ekoizleari eta Manu Macia idazle eta zuzendariari eskerrak eman nahi dizkiet, nigan erakutsitako konfiantzagatik eta pertsonaia honekin enpatia sentitzeko aukera emateagatik. Lan honek aberastu egin nau pertsona bezala», aipatu du.
Pelikula honek bizikidetza hobetzea espero du. «Film dokumental honek adiskidetzea, erreparazioa eta bizikidetza bultzatzea gustatuko litzaidake, iragana gainditzen laguntzea. Helburua ez da gu bezala pentsatzen ez duena konbentzitzea. Ezta kontakizuna nolakoa izan behar den esatea ere. Bakoitzak bere bizipenak eta bere kontakizuna ditu».
Escudero aktore beteranoa da jada. Antzezlan, pelikula eta telesail ezagunetan lan egin du. Rosenmeier-i dagokionez, daniarra da eta aktore bezala Estatu Batuetan eta estatu espainiarrean eta frantziarrean lan egin du. Macia i Vilak antzezlan garrantzitsuetan lan egin du eta honakoa ez du ETAren inguruko lehen lana. 1989an
Proceso a ETA pelikula aurkeztu zuen Cannesko zinemaldian. Felipe Gonzalezen gobernuak film horri boikota egin zion.
Larunbatean pase pribatua egin zuten Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Escuderok, memoria historikoaren inguruan lan egin duen Antxiñe Mendizabal kazetariak, prentsa idatziko kazetariek eta Goierri garaiko lau etakide ohiek parte hartu zuten.
Etakide ohiek zenbait unetan ez zuten beraien burua identifikatuta ikusi. Mendizabalek ulergarria dela esan zuen. «Egilea ez da euskalduna eta jendearengana heltzeko lan bat egin du: hemen gertatutakoa ezagutzen duenarentzat eta ez duenarentzat. Gainera, fikzioa da. Lan ezberdinek gauza ezberdinak aportatu ditzakete. Zuek beste lupa batekin begiratzen duzue», azaldu zuen.