Urretxuko Santa Barbara eguneko zentroak 25 urte bete ditu. Hori ospatzeko, festa bat egin dute. Festa Urretxuko Udalak eta eguneko zentroa kudeatzen duen Arreta Asistencial enpresak antolatu dute.
Urteurren jaia atzo arratsaldean izan zen. Hasteko, ETBk inaugurazioan grabatu zituen bi bideo eman zituzten.
Ainhoa Plagaro eguneko zentroko langile eta Alarma Morea taldeko kideak bost kanta ezagun abestu zituen. Eguneko zentroko erabiltzaileek bertako langileekin eta senitartekoekin dantza egin zuten.
Ondoren, Algaraklown taldeko pailazoen saioa egon zen. Algaraklown taldeak ospitaletan eta zaharren egoitzetan lan egiten du. Bukatzeko, bertan bildutakoek luntxa egin zuten.
Atzoko arratsaldeko ekitaldian jende askok parte hartu zuen. Izan ere, 25 urte hauetan pertsona, elkarte eta enpresa askok izan dute harremana eguneko zentroarekin.
Arreta Asistencial enpresako Alvaro Xamardok oso zentro ona dela esan zuen, «harro egoteko modukoa». Bertatik jende asko pasa dela eta oso lan ona egin dela gehitu zuen. Maialen Fidalgo zinegotziak hobekuntza etengabea izan dela goraipatu zuen.
Atzokoa oso egun hunkigarria izan zen erabiltzaile, senitarteko eta langileentzat. Batez ere, Izaro Idigorasentzat. Urretxuar honek 25 urte daramatza bertan lanean, lehenengo egunetik. «Ikasketak amaitu aurretik hasi nintzen».
Gipuzkoan aitzindariak izan ziren. Hasieran zazpi erabiltzaile eta hiru langile bakarrik ziren: Agurtzane Peromingo, Aitor Gago eta Idigoras. Egun, astean zehar, zortzi pertsonek lan egiten dute eta 32 erabiltzaile dituzte. «Hasieran familia txiki bat ginen. Egun proiektu asko ditugu. Lan honek asko eman dit».
Santa Barbara eguneko zentroa mendekotasuna duten 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago eta 32 plaza ditu. Asteko egun guztietan eskaintzen da zerbitzua eta urte osoan bi egunetan baino ez da ixten.
Eguneko zentroa erabiltzeko interesa dutenek Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide