Mari Jose Elgarrestak (Zumarraga, 1955) 50 urte daramatza egunkariak saltzen eta banatzen. Hilaren 31n erretiroa hartuko du eta Areizaga kaleko kioskoa itxi egingo da.
Zure familiak urte asko daramatza egunkari salmentan. Noiztik?
Negozioa nire aitonak hasi zuen, 1942an. Rufino Elgarresta zuen izena. Postaria zen eta Renfeko langileren batek egunkariak etxeetara banatzea eskaini zion. Hala hasi zen. Etxeko guztiok umetatik lan egin dugu hemen. Etxean negozio bat dagoenean, etxeko guztiei tokatzen zaie laguntzea. Bost anai-arreba gara eta Maria Jesusek eta biok hartu genuen ardura.
Asko aldatu al da negozioa urte hauetan guztietan?
Noski. Duela 50 urte karroarekin lan egiten genuen oraindik, ez baikenuen autorik. Nire ama izan zen gidatzeko baimena eskuratu zuen lehena. Ordurako 45 urte zituen. Autoa aurrerapauso nabarmena izan zen. Autoari esker, bi herrietako auzo gehiagotara heldu ginen: Leturiatarren plaza, Aparizio auzoa… Beti Renault autoekin lan egin dut: hasieran bi Renault 4, ondoren Kangoo bat eta egun Megane bat.
Egunkariak banatzen hasi zineten eta ondoren kioskoak ireki zenituzten.
Lehenengo kioskoa aitonak egin zuen, egungo Areizaga-Kalebarren plazan, Urolako trenbidearen ondoan. Egungoek, bai Urretxukoak eta bai Zumarragakoak, 48 urte dituzte.
Garai batean ia etxe guztietan erosten zen egunkaria.
Ez zegoen Internetik. Ezta telebistarik ere! Duela 50 urte
El Diario Vasco eta
La Voz de España egunkariak saltzen ziren gehien. Arratsaldeetan, berriz,
La Unidad. Egun askoz ere egunkari gutxiago saltzen dira.
Aldizkarien salmenta ere asko jaitsi al da?
Egun,
Salvame eta antzeko telebista saioak direla eta, askoz ere aldizkari gutxiago saltzen dira. Izan ere, txutxu-mutxu aldizkariak ziren gehien saltzen zirenak. Egun, aldizkaria argitaratzen denerako, jendeak jakin beharreko guztia telebistaren bitartez jakin du. Gehien saltzen den txutxu-mutxu egunkaria
Hola da, betidanik.
«Negozioa Rufino Elgarresta nire aitonak
hasi zuen, 1942. urtean»
«Gabonetako loteria zozketaren ondoren
egunkari salmenta bikoiztu egiten zen»
Kirol aldizkari asko saltzen al dira?
Kirol egunkariek nahiko ondo eusten diote, baina kirol aldizkari oso gutxi saltzen dira. Txirrindularitza gustatzen bazaizu, aldizkaria argitaratzen denerako telebistan lasterketa guztiak ikusi dituzu.
Zein egunetan saldu zen egunkari gehien?
Amelio Mendijur txirrindulariaren heriotzaren biharamunean. Mendijurren heriotza kolpe latza izan zen: herrikoa zen, etorkizun oparoa zuen, herrian bertan izandako istripu baten ondorioz hil zen… Bere heriotzaren biharamunean mundu guztiak egunkaria erosi zuen. Bestalde, garai batean Gabonetako loteria zozketaren biharamunean ere egunkari asko saltzen ziren. Egun arrunt batean halako bi.
Nolakoa da zure egunerokoa?
04:30ean jaikitzen naiz. Egunkariak jaso eta banaketa egiten hasten naiz. Banaketa 06:45 aldera bukatzen dut. Ondoren, beranduago heltzen diren egunkariak hartu eta kioskora etortzen naiz. 13:00ak arte egoten naiz hemen. Hiru atseden egun bakarrik ditugu: abenduaren 25a, urtarrilaren 1a eta Aste Santuko larunbata.
Lan gogorra al da?
Ezagutzen al duzu urteko ia egun guztietan 04:30ean jaikitzeko prest dagoen inor? Larunbatetan eta igandetan lan egiten dugu eta ez dugu oporrik. Gaur egun, jendea ez dago horrela lan egitera ohituta.
Zure alabek ez dute negozioarekin jarraituko.
Ez dute nahi. Nahi izan balute, nire babesa izango lukete, baina lanbide honek ez du etorkizun onik. Alabek ikastea erabaki zuten eta pozten naiz.
Zer gertatuko da kioskoarekin?
Itxi egingo da. Bezeroek beste nonbaiten erosi beharko dute egunkaria. Ahizparen kioskoan, adibidez. Bestalde, Urretxun egunkariak etxez-etxe banatzeari utziko diogu. Izan ere, ahizpa Zumarragako banaketaz arduratzen da eta ni Urretxukoaz.
Zer egin behar duzu erretiroa hartu ondoren?
Atseden hartzeko gogoa dut. Ez naiz aspertzeko beldur. Izan ere, aisialdian gauza asko egiten ditut. Batez ere, alabekin eta bilobekin egotea gustatzen zait.
Zer esan dizute bezeroek?
Batzuk eskerrak eman dizkidate egindako lanagatik. Beste batzuk triste ageri dira egunkaria etxean jasotzeari utziko diotelako. Egunkaria buzoian hartzea oso erosoa da, baina erretiroa hartzeko ordua heldu zait.