Antonio Pradak (Zumarraga, 1963) ‘Zumarraga XVI. mendean, Areriako alkatetza nagusiko eskribauen eskutik’ liburua aurkeztuko du etzi, 11:30ean, kultur etxean.
Nolatan erabaki zenuen Historia ikastea?
Historia betidanik gustatu zait. Irakurtzen ikasi bezain laister, historiarekin zerikusia zuten liburuak irakurtzen hasi nintzen. Abentura liburuak ziren. Alejandro Handiari buruzkoa, adibidez. Hala, oso txikitan erabaki nuen Historia ikastea.
Non egin duzu lan?
Zumarragako Udalean bakarrik. Ikasketak 1986an amaitu nituen eta 1987an udaletxean hasi nintzen lanean.
Nolakoa da zure egunerako lana?
Udalaren espediente guztiak artxibatzen ditut. Bestalde, alkatea eta zinegotziak historiarekin zerikusia duen gai bat lantzen ari badira, laguntza eskatzen didate. Gainera, beste artxibo batzuetan ere Zumarragarekin lotura duten dokumentuak dituzte eta horien edukia eskuratzen dut. Gure eskribauen eskriturak, adibidez, Oñatiko agiritegian daude. Eskribauak egungo notarioak ziren. Liburuak digitalizatu eta niri pasatzen dizkidate. Nik irakurri eta eskritura guztien fitxak egiten ditut. XVI. mendeko eskritura guztien fitxak egin nituen (8.000 baino gehiago) eta lan horri esker mende hartako Zumarragari buruzko gauza asko nekizkiela konturatu nintzen. Hala, alkateari liburu bat argitaratzea proposatu nion.
Nolakoa zen Zumarraga XVI. mendean?
900-1.000 biztanleko herri txiki bat zen. Abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi ziren batez ere, baina dagoeneko burdinola handi bat eta sutegi batzuk zeuden. Baita merkatari eta sastre batzuk ere.
Norena zen burdinola hori?
Legazpi dorretxeak burdinola eta errota zituen ondoan. Oso burdin ona lortzen zuten. Legazpin burdinola asko zeuden, baina hemengo burdina finagoa zen. Hori dela eta, Zumarragakoa Legazpikoa baino garestiagoa zen.
«Zumarragako Udala 1.600. urtean sortu zen; ordura
arte, Areriako alkatetza nagusiaren pean egon zen»
Beste bitxikeriaren bat aurkitu al duzu?
Modarekin lotutako datu asko daude. Zergatik? Eskura ordaintzen baduzu ez duzu eskriturarik egin behar, baina garai hartan salmenta asko mailegu bidez egiten ziren. Arropa erosketarekin lotutako eskritura asko aurkitu ditut.
Hainbesteko garrantzia ematen al zitzaion arropari?
Hori dirudi. Gizonezkoen artean gergizkoak modan zeuden eta oso garestiak ziren. Txiroek ere gergizkoak nahi zituzten eta erosteko maileguak eskatzen zituzten. Gergizkoak Carlos V.k janzten zituen praka motz haiek dira. Prakak motzak zirenez, galtzerdiak ere behar zituzten. Emakumezkoek, berriz, soinekoak janzten zituzten.
Besterik?
Formazioarekin lotutako hitzarmen asko aurkitu ditut. Egungo Lanbide Heziketa hitzarmen bidez egiten zen: seme nagusia baserrian gelditzen zen eta gainontzekoek ofizio bat ikasten zuten. Aitak ofizio bat zekien batengana jotzen zuen (igeltseroa, arotza, merkataria, sastrea…) eta semeari ofizioa irakasteko eskatzen zion. Urte batzuetan zehar semeak morroi bezala lan egiten zuen, ofizioa ikastearen eta mantenuaren truke. Langabezian zeudenek ere morroi bezala lan egiten zuten ofizio bat ikastearen eta mantenuaren truke.
Liburua idazteko Areriako alkatetza nagusiko eskribauen lanean oinarritu zara. Zer zen Areriako alkatetza nagusia?
Zumarragako Udala 1660an sortu zen, Zumarragak guztiz independentea izatea lortu zuenean. Ordura arte Areriako alkatetza nagusiaren pean egon zen. Alkatetza honen pean Lazkao, Ezkio, Gabiria, Olaberria eta Arriaran zeuden. Ormaiztegi gero sartu zen. Alkatetza hau Lazkaoko jaunak kontrolatu zuen urte askotan. Urretxu, berriz, hiribildu independentea zen. Erregeak hala sortu zuen, Lazkaoko jaunaren mendetik ihes egin nahi zuten zumarragar batzuek eskatuta. Legazpi Seguraren menpe egon zen. Lazkaoko jaunaren mendetik ihes egiteko, Segurari laguntza eskatu zion. Segura ere hiribildua zen.
Nolakoa zen Urretxurekin harremana?
Egungoaren antzekoa. Bertan ekoizten ez zena, ardoa eta olioa adibidez, elkarrekin erosten zuten gutxiago ordaintzeko. Dena den, eztabaidak ere izan zituzten. Zumarragarrek egungo geltokiaren inguruan zubi bat egin zuten eta horren harira istilua izan zuten. Urretxuk bide hori oztopatzen zuen, Bergarara joan nahi zuten guztiak Kalebarreneko zubitik joan zitezen. Izan ere, hala Urretxu zeharkatu beharra zuten. Istiluak istilu, Urretxuren eta Zumarragaren arteko harremana ona zen.