Euskal Herriko Kluben arteko VI Torneo Nazionaleko final laurdenetarako sailkatu diren pilotarien aurkezpena egin du Pilotabizi elkarteak gaur goizean Zumarragako Antioko interpretazio zentroan. Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira azken partidak, otsailaren 2tik matxoaren amaierara bitartean. Finala martxoaren 28an izango da, 11:00etan, eta ETB-k emango du zuzenean.
Final laurdenetarako sailkatu diren zortzi klubak Tolosa Aurrera, Paz de Ziganda, Andoaingo Gazteleku, Lemoa, Hernani, Ultzamako Buruzgain, Oberena eta Irurtzun dira. Guztira 32 pilotari ariko dira Zumarragako fasean, eta zazpi jardunaldi izango dira.
Pilotaren hiriburu
Aurkezpen ekitaldian Mikel Serrano alkateak torneo hau Zumarragara iritsi izana gogoratzen duen zilarrezko domina bana eman die zortzi klubetako ordezkariei, eta ondoren pilotariei torneoko elastiko ofizialak banatu dizkiete, gorriak eta urdinak.
Serrano alakteak Zumarragak eta pilotak harreman luzea dutela gogoratu du, baina oraingoan “pilotaren hiriburu” bihurtuko dutela esan die finaleko fase honetan parte hartuko duten pilotariei. Herrira “kalitatezko pilota” ekarriko dutela ziurtzat jo du, eta torneoaren finalak bertan jokatzea “ohorea” dela erantsi du.
Txapelketako teknikari Iñigo Vianak bestalde, Zumarragan jokatuko diren partiden berri eman du, eta finala martxoaren 28an izango dela baieztatu du; 11:00etan jokatuko da, eta ETB-k zuzenean emango du. Final horretara eta gainerako partidetara joateko eskatu die, baita ere, jarraitzaile eta pilotazaleei, Beloki bete dezaten. Publikoa erakartzeko bidai agentzia baten bitartez egingo duten zozketa ere aipatu du;
kirolzale.eus atarian sartuta parte hartu behar da. Partida guztiak streeming bidez 20bat webguneetan zuzenean emango dituztela ere azaldu du.
Aurkezpena amaitzeko, taldeko argazkia atera dute Antioko baselizaren sarrerako eskaileratan, eta alkateak gidatuta eliza bisitatu dute amaitzeko.