Berrogei urte baino gehiago pasa dira dagoeneko Zumarragako Eusebio taberna itxi zenetik, baina herritar askok gogoratzen dute oraindik. Garai bateko kontuak gogoratu dituzte bertan lan egindako lau emakumeek
Lau hamarkada pasa dira dagoeneko Zumarragako Eusebio taberna itxi zenetik, baina taberna hau herritar askoren gogoan eta bihotzean dago oraindik. Zer ote zuen hain berezia? Taberna hau lau familiaren eskutan egon zen eta horietako hirurekin hitz egin du HITZAk: Zalduatarrak, Ormazabaldarrak eta Elgarrestarrak. Eusebio taberna Elizkalen zegoen. Bertako hiru etxe Soraiz baserriko hiru anaienak ziren: Eusebio, Juanito eta Karlos Zalduarenak. Etxe horietako baten azpian taberna bat zegoen eta 1920ko hamarkadaren hasieran etxearen jabeak hartu zuen: Eusebiok. Bere alabak, Gurutze Zalduak, ondo ezagutzen du tabernaren historia. «Aitak neska bat ekarri zuen tabernara Gabiriako Izar Erdikoa baserritik: Maria Altzueta. Behin Maria gaixotu egin zen eta bere amak beste alaba bat bidali zuen tabernara: Kandida. Azken hau behin betiko gelditzea eskaini zion aitari, baina aitak Maria nahiago zuela erantzun zion». Izan ere, ordurako Eusebiok Maria begiz jota zuen. Handik urte batzuetara harekin ezkondu zen. «Aitak 32 urte zituen ezkondu zenean eta amak 18», gogoratzen du Gurutze Zalduak, Eusebioren eta Mariaren alabak. Soraiztarrenekoa Hasieran tabernari Soraiztarranekoa deitzen zioten. «Handik urte batzuetara etxea eta taberna berritu egin zituzten eta tabernari Eusebio izena jarri zioten. Tabernako bankuak Juan Jakak egin zituen, Anjel Kruz Jakaren aitak». Gurutzek ere tabernan lan egin zuen. Neska jatorra, langilea eta polita zen nonbait. Izan ere, Zumarragako Trikitixakoek abesti bat eskaini zioten. Kanta hau disko batean grabatu zuten, 1957an. Euskal Herria osoan ezagun egin zen abesti horrek zera dio: Kalebarrendik hasita Elizkaleraino, ez dago neska politagorik Eusebioren alaba baino. Eusebioren alabak ezkondu zen arte lan egin zuen gurasoen tabernan. Ez zuen tabernan jarraitu nahi eta errentan eman zuten. Felipe Ormazabal eta Tomasa Izagirre senar-emazteek hartu zuten, 1959an. Lehenago Galeperra elkarteko tabernan lan egin zuten. «Ama oso sukaldari ona zen eta tabernan lan asko egin zen», gogoratzen dute Edurne eta Maite Ormazabalek, Felipe eta Tomasaren alabek. Beraiek ere Eusebio tabernan lan egin zuten. «Igandeko meza ondoren jende asko etortzen zen. Senar-emazte asko etortzen ziren, seme-alabekin, frijituak jatera. Gure ama zenak oso frijitu onak egiten zituen. Baita txanpinoiak ere. Zenbait kilo txanpinoi garbitu ote genituen… Bestalde, egunero ematen genituen bazkariak. Jangela txikia zen: sei mahai zituen. Bezeroen artean ganadua erreka ondoko hiltegira eramaten zuten baserritarrak zeuden. Ganadua hil eta berehala, gibela tabernara ekartzen zuten hamaiketakoa egiteko. Amarekin oso harreman ona zuten». Edurne eta Maiteren ama Atxibita baserrikoa zen. «Bere lagun mina Iburreta baserrikoa zen eta haren gurasoek Iburreta taberna ireki zuten. Gure amak Iburreta tabernan ikasi zuen ofizioa. Iburreta tabernaren gainean bizi ginen eta nagusiek bere beharra zuten bakoitzean etxeko atea jotzen zuten ». Felipek eta Tomasak bost seme-alaba izan zituzten. Edurne eta Jose Antonio izan ziren tabernan gehien lan egin zutenak. Izan ere, Iñaki Amerikako Estatu Batuetara joan zen zesta puntan jokatzera, Andres seminariora eta Maite Venezuelara senarrarekin. «Tabernan hasi nintzenean bezeroek eskatutakoa ahaztuko zitzaidan beldur nintzen eta aita estutzen nuen: hiru kafe, lau kafe… Eta aita mekauendioska ez zitzaizkiolako ondo irteten…». Edurne ondo konpontzen zen bezeroekin. «Bezero ia guztiak gizonezkoak ziren eta oso gaztea nintzen, baina ondo moldatzen nintzen. Ez nintzen isilik gelditzen. Beraiek esandakoa gustatzen ez zitzaidanean, erantzun egiten nien». Euskal giroko taberna zen. «Erdaldun gutxi sartzen ziren. Zumarragako Trikitixakoak, berriz, egunero etortzen ziren. Izan ere, taberna ondoan bizi ziren. Jakatarrak ere ondoan bizi ziren». Suediako telebistan ere bai Eusebio tabernako giroa hain zen berezia non Suediako telebistaren bisita jaso zuten: Euskal Herriari buruzko dokumental bat egin zuten 1963an eta, besteak beste, Eusebio taberna bisitatu zuten. Bertan, Zumarragako Trikitixakoak ageri dira. Baita Edurne ere, zerbitzatzen. Ormazabal-Izagirre sendiak hamar urtez lan egin zuen Eusebio tabernan. Edurne nekatu egin zen: taberna utzi eta gizonezkoentzako jantzi-denda ireki zuen Piedad kalean. «Garai hartan gizonezkoak ez ziren erosketak egitera joaten. Emazteek edo arrebek erosten zieten arropa. Nire dendara, berriz, gizonezko asko etortzen ziren. Izan ere, Eusebio tabernatik ezagutzen ninduten eta konfiantza zuten». Fermina Mikelestorena Ormazabal-Izagirre sendiak taberna utzi zuenean, Jesus Mari Garmendia zenak eta bere emazte Pilartxo Zabaletak hartu zuen. Legazpiar hauek taberna utzi zutenean, Urretxuko familia batek hartu zuen: Sasieta Berri baserriko Elgarresta-Mikelestorena sendiak. Alabek taberna ezberdinetan lan egiten zuten eta alabentzat taberna bat hartzea erabaki zuten. Alaba zaharrena Edurne eta Maiteren anaia pilotariarekin ezkondu zen: Miamitik bisitan etorri zen batean ezagutu zuten elkar. Eusebio tabernan, noski. Fermina Mikelestorena 1924an jaio zen Etxalarren. Pedro Iurrebaso urretxuarra Etxalarko neska batekin ezkondu zen eta Aitxu baserriko Inazio Elgarresta bere lagun mina ezkontzara gonbidatu zuen. Han ezagutu zuten elkar Elgarrestak eta Mikelestorenak. Ezkondu zirenean Urretxuko harrobiaren gainean dagoen Mañari baserrira joan ziren bizitzera. Ondoren, Inaziok Sasieta Berri baserria eraiki zuen, Azkoitira doan errepidearen ondoan. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Elgarrestak harrobian eta Orbegozon lan egin zuen. Alabetako batzuk bi herrietako taberna ezberdinetan lan egiten zutenez, Eusebio taberna hartzea erabaki zuten. Ferminak sukaldean lan egiten zuen eta tabernara oinez joaten zen, goizean eta arratsaldean, Urolako trenbidetik. Seme bat errefuxiatua izan zen. Tabernan lehergailua jarri zieten eta hor bukatu zen Eusebio tabernaren historia. Atentatua Batallon Vasco Español delakoak aldarrikatu zuen. Taberna txikitu zuten, baina Eusebiok bizirik dirau zumarragarren bihotzean. Elizkaleko Kakueta kafetegian Eusebio tabernako argazkiak ikus daitezke.